Hemen zaude: Hasiera Herriz herri Nafarroa Albisteak Nafarroa Baik salatu du Gizarteratze Errentaren lege proiektuaren atzean “arrazoi ekonomizista hutsak” daudela

Nafarroa Baik salatu du Gizarteratze Errentaren lege proiektuaren atzean “arrazoi ekonomizista hutsak” daudela

2012/01/17
Nafarroako Parlamentuan UPN, PSN eta PPren aldeko botoekin onartu den Gizarteratze Errentaren lege proiektuaren atzean “arrazoi ekonomizista hutsak” daudela adierazi du Xabi Lasa Nafarroa Baiko parlamentariak, gaur goizean Nafarroako Parlamentuan izan den saioan. “Nafar baztertuen eskubide sozialak ez dira izan lehenetsi direnak; defizitaren kontrola, dirua azken finean, aurretik paratu da helburu gisa”.

Gizarteratze Errentaren legea arrazoitzeko Nafarroako Gobernuak mahai gainean jarri dituen argumentu guztiak “faltsuak” frogatu dela azpimarratu du Lasak. “Lege berriaren beharra justifikatzeko kontseilariak eta gobernukideek erabili duten arrazoia zera izan da: errealitate soziala aldatu dela eta, horregatik, Oinarrizko Errenta birplanteatu behar dela. Hori entzunda, batek pentsatzen du: eta zer aldatu da? Zertan datza gizartean operatu den aldaketa nabarmen hori?”, agertu du Xabi Lasak.

Gizarteratze Errentaren legea Oinarrizko Errenta eskuratzeko herritarrei “oztopoak” jartzeko jarri dela indarrean esan du Nafarroa Baiko parlamentariak. “Krisia baztertu gehiago eta langabetu gehiago eragiten ari den gizarte egoera honetan, Gobernuak diru-laguntza sozialak murrizteko lege proiektua bat aurkeztu digu. Justifikazioak ez du balio, proiektu honek ez du zimentarririk, argumentu-hariak logikarik ez duen bezala”.

Gizarteratze Errentaren legea justifikatzeko Nafarroako Gobernuak erabilitako beste argumentuak (iruzurrarena, ‘deialdi efektuarena’...) “faltsuak” direla nabarmendu du Lasak, eta azken asteotan Nafarroako gizarte eragileek eta Nafarroako Unibertsitateko adituek eman dituzten frogak aipatu ditu hori horrela dela agerian uzteko.

Auzi honetan PSNk izandako jarrera ere salatu du Xabi Lasak. “UPNk, PPk eta PSNk osatzen duzuen gehiengo eskuindarrak eskuineko filosofia segregazionistarekin guztiz bat datorren lege proiektuari lege maila eman dio. Eta hau guztia etorri da kontseilari “sozialista” baten eskutik! Begirada bat bota eta zein bidaia-lagun duzuen erreparatu beharko zenuketen”.