Hemen zaude: Hasiera Herriz herri Nafarroa Albisteak Nafarroa Baik mozioa aurkeztu du, Nafarroako ordezkariak ECOFINen bileretan parte hartzeko baimena eman dezan Espainiako Gobernuak

Nafarroa Baik mozioa aurkeztu du, Nafarroako ordezkariak ECOFINen bileretan parte hartzeko baimena eman dezan Espainiako Gobernuak

2011/12/20
Patxi Zabaleta Nafarroa Baiko bozeramaileak mozioa aurkeztu du Nafarroako Parlamentuan, “Nafarroako Gobernuko ordezkariek ECOFINen bileretan parte hartzeko baimena eman dezan Espainiako Goberniak eta horretarako prozedura legal eta arau guztiak abian jar ditzan eskatzeko”. Bilera horietan parte hartuko zuketen Nafarroako Gobernuko ordezkariek foru erkidegoari arautzea dagokion arlo fiskalak aztertzen direnean.

Era berean, ekimenaren bidez Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio Eusko Jaurlaritzarekin eta arlo fiskalean eskumenak dituzten beste hiru herrialdeekin (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa) negoziazioak hasteko eta adostasunak bilatzeko, era horretara ECOFINen barruan arau fiskalen defentsa komuna egin ahal izateko eta indarrak batzeko.

Zabaletaren ustez, “harmonizazio fiskala egiten ari dira eta Europa mailan beharrezkoa ikusten dute hori egitea. Horregatik, garrantzitsua da arlo fiskalean eskumenak dituzten erakundeek (eskubide aurre-estatalak eta eskubide historikoak direnak) lehenbailehen aztertzea harmonizazio fiskala aztertzen ari diren esparruetan, ECOFINen adibidez, parte hartu ahal izatea”.

“Europako Batasunak arlo fiskaleko politikak gainbegiratzeko eta kontrolatzeko zeregina hartu du bere gain, eta horrek eragina izan du eskumen historikoetan, Nafarroan zein EAEn, arau fiskalen kasuan agerian geratu den bezala”, esan du Zabaletak. Ohartarazi duenez, “eskumen historiko horien defentsa eta gure ogasun sistema berezituen inguruan Europako Batasunari egin dakiokeen ekimenen eta eskarmentuaren ekarpena, eraginkortasunarekin egin beharreko erantzukizuna da, eta hori bakarrik egin daiteke indar politikoak bat egin eta modu koordinatuan jokatuta”.

Zabaletak gaineratu duenez, “historiak erakusten digu Nafarroak ezin duela bere kabuz bermatu arlo fiskalean erabakiak hartzen diren guneetan parte hartzea, nahiz eta berarengan eragin zuzena izan. Esku-hartze zuzena izanda bakarrik egin daiteke defentsa eraginkorra”.