Nafarroa Baik Jimenezen agerraldia eskatu du, erakunde lokaletarako iragarri dituzten murrizketen berri eman dezan
Lasak ohartarazi duenez, “defizit publikoa murrizteko erakunde lokalei urtero ematen zaien poltsatik %7ko murrizketa egiteak esan nahi du urrian udalek dagokina baino %30 gutxiago jasoko dutela”. Gaineratu duenez, “neurri horrek Tokiko Ogasun Legeak zehazten duena urratzen du”.
“Neurri horren bitartez, Nafarroako Gobernuak dirua aurreztu nahi du, baina besteen dirutik, legez Foru Gobernuak ezin duelako diru hori izan eta diru hori udalena eta erakunde lokalena delako”, azpimarratu du Xabi Lasak.
Nafarroa Baiko parlamentariaren hitzetan, “ez da onargarria udalek ordaindu behar izatea UPNk PSNren babesarekin egindako kudeaketa ekonomiko eskasa”.
Lasak nabarmendu duenez, “denbora asko daramagu udalen finantziazioari buruz hizketan, beren egoera ekonomiko txarraz eta herritarrei zerbitzuak eskaintzeko dituzten zailtasunez, eta orain, hartu den erabaki honekin, areagotu egingo da egoera txar hori”.
Neurri horrek aurrera eginez gero ondorioak izango direla esan du Lasak: “Kontratuak etengo dira, diru-sarietan ere etena egongo da eta administrazio publikoak derrigorrean eskaini behar dituen zerbitzuetan ere eragingo du”.
Albiste erlazionatuak
Nafarroa
- Xabi Lasak desjabetuak izan diren familiek alokairu sozialerako eskubide izatea proposatu du
- Nekane Perezek murrizketen aurkakako mobilizazioetan parte hartzera deitzen du
- Portland PIGRINeko errauskailua bihurtzearen kontra azaldu da Txentxo Jimenez
- Maite Iturrek, Nabai 2011ko zinegotzia Baztanen, bere konpromisoa berretsi du eta udalaren egoera azaldu du


