Hemen zaude: Hasiera Herriz herri Nafarroa Albisteak Murrizketek zerbitzu publikoei bakarrik eragitea deitoratu du Nafarroa Baik

Murrizketek zerbitzu publikoei bakarrik eragitea deitoratu du Nafarroa Baik

2011/09/12
Asun Fernandez de Garaialde osasun gaietarako Nafarroa Bairen bozeramaileak deitoratu du Nafarroako Gobernua egiten ari den murrizketa guztiak zerbitzu publikoei eragiten diela, hezkuntzari eta osasunari.

“Kolongo minbizia detektatzeko proiektua bertan behera utzi izana da azken adibidea. Hain zuzen, horixe da azkenaldian gehien hedatzen ari den tumorea”, esan du Fernandez de Garaialdek.

Nafarroa Baiko osasun gaietarako bozeramaileak adierazi duenez, “aurreko legealdia amaitu zuen politika berarekin hasi du legealdi hau Gobernuak, arlo publikoan murrizketak eginez eta sektore pribatura desbideratuz, administrzioarentzat horrek daukan kostua aintzat izan gabe”. Gaineratu duenez, “osasunaren promozioa eta gaixotasunen prebentzioarekin zerikusia daukan guztia ezabatzeko lanean aritu izan dira beti, eta horren azken adibidea da murrizketa hau eta aurretik izan diren beste murrizketa guztiak”.

“Tumore hori garaiz detektatzeak bere eraginkortasuna frogatua duea eta heriotza tasa nabarmen bajatzea lortzen duela aitortzea ez da nahikoa, are gehiago, arrazoi ekonomikoengatik programa hori kentzea erabakitzen denean”, azpimarratu du.

Fernandez de Garaialdek gogoratu duenez, “aurreko legealdian eta hauteskunde kanpainan zehar, kolongo minbizia garaiz detektatzeak zeukan garrantzia eta proiektua gauzatzeko zeukan konpromisoa behin eta berriro errepikatu zigun PSNk, eta orain, beste behin herritarrak bazter batean uzten ditu”.