Hemen zaude: Hasiera Herriz herri Nafarroa Albisteak Desjabetzeen inguruan dauden “gehiegikeriekin” amaitzea helburu duen ekimen legala aurkeztu du Nafarroa Baik

Desjabetzeen inguruan dauden “gehiegikeriekin” amaitzea helburu duen ekimen legala aurkeztu du Nafarroa Baik

2012/02/02
Espainiako Kongresuak Epaiketa Zibilen Legea, Hipoteken Legea eta beste arau aldatzea helburu duen ekimen legala aurkeztu du gaur Nafarroa Baik. Ohiko etxebizitzen desjabetzeetan gertatzen diren “gehiegikeriekin” amaitzea posible ikusten du Nafarroa Baik ikuspegi teknikotik, legaletik eta zuzenbidetik.

Ohiko etxebizitzen tasazio prezioaren erdian lagapena egitea, eta prezio hori hipoteka egin zeneko adostutako prezioaren erdia izatea, “konpondu beharreko gehiegikeria” da, Patxi Zabaleta eta Txentxo Jimenez Nafarroa Baiko parlamentarien ustez.

Gaur goizean egin duten prentsaurrekoan Zabaletak esan duenez, Nafarroa Bairen helburua da Nafarroako Parlamentuak, daukan eskumena baliatuta, ekimen legegilea aurkeztea Espainiako Kongresuan. Gainera, ekimen legegile horren helburua kalean bizi-bizi dagoen arazoari aurre egitea izango da, ohiko etxebizitzen desjabetzea, hain zuzen.

Jimenezek emandako datuen arabera, 2011. urtean 400 familien etxebizitzak desjabetuak izan ziren Nafarroan. Gaineratu duenez, pentsatzekoa da kopuru horrek gora egitea aurten; izan ere, Espainian 60.000 desjabetze izan ziren iaz, eta aurreikusi da aurten 75.000 izatea.

“Gaia oso larria da, eta arlo publikotik eta politikotik ezin da beste aldera begiratu”, agertu du Txentxo Jimenezek. “Egoera honen aurrean ezer gertatuko ez balitz bezala aritzea immoral eta higuingarria da, aldi berean botere publikoetatik finantza erakundeak erreskatatzen diren bitartean”.

“Enkante horien ezaugarri legal eta formalak ez dira onargarriak beren lanpostua galtzeagatik, langabeziagatiko prestazioa galtzeagatik edota baliabide nahikorik ez izateagatik mailegua ordaindu ezin duten herritarrentzat”, azpimarratu du Jimenezek. Gaineratu duenez, egoera hori are eta larriagoa da kontuan hartzen baditugu berankortasunagatik ezartzen diren interesak, enkanteen lagapen prezioak eta ordaindu gabeko beste zorrak.

Azaldu duenez, beren proposamenak hiru puntu zehatzi egiten die erreferentzia: berankortasunagatiko interesen gehiegikeria, ohiko enkantearen moldaketa, enkantearen balioa eta finantza erakundea etxebizitzarekin geratuz gero, erakunde hori izatea zorrarekin geratzen dena.

“Borondate politikoa eta justiziaren zentzua izanda, 2000. urtetik indarrean dagoen legea aldatzea posible da”, azpimarratu du Zabaletak.

Egin beharreko moldaketak egitea “oso errazak” direla azaldu du Nafarroa Baiko bozeramaileak: hipoteka abian jartzen duen finantza erakundeak lagapen prezioa modu automatikoan ezartzea, hau da, hipotekaren oinarri bezala jarri zen prezioa hartzea, baldin eta eskaintza hoberik ez badago.

 

“2001eko urtarrilaren 1era arte, banketxeetan eta tribunaletan enkanteetan aritzen ziren antolatutako mafiak zeuden”, agertu du Zabaletak, eta azpimarratu du negozio horretatik etekinak ateratzen dituztenak banketxeak eta kutxak direla. “Eta honek guztiak gizarteari mesede egiten al dio? Bistakoa da ezetz”.

“Banketxe batek mailegu bat ordaindua dagoela erabakitzen duenean ere ezartzen diren interesak gehiegizkoak dira, eta arlo hori ere konpondu beharra dago”, esan du Zabaletak. Hala, %4ko interesaren gainetik egotea “gehiegikeria” dela deritzo.

Ekimen horri zuzenketak edo ekarpenak egitea nahi duten taldeei egiteko esan die Zabaletak, “baina egoera hau aldatzeko kalean dagoen eskaera kontuan izan behar dute beti, teknikoki eta legalki posible delako aldaketak egitea eta bidezkoa delako, gainera, aldaketa horiek egitea”. Ekimen horri ateak ez ixtea eta Kongresura heldu ahal izatea eskatu du Nafarroa Baik.

“PPk ekimena hartu du gai askotan, baina hainbeste pertsonari mesede egingo liokeen mota honetako ekimenei ez die jramon egiten. Eskuineko sektore atzerakoienek egindako eskaerak baino ez dituzte aintzat hartzen”, nabarmendu du, eta dei egin dio NaBaik egindako eskaera kontuan hartzera, “proposatzen ditugun aldaketak “oso errazak eta argiak direlako”.