Hemen zaude: Hasiera Herriz herri Nafarroa Albisteak Aralarrek salatu du Madrilgo gobernuak hartutako neurri ekonomiko berak bultzatuko dituela PSNk Nafarroan

Aralarrek salatu du Madrilgo gobernuak hartutako neurri ekonomiko berak bultzatuko dituela PSNk Nafarroan

2012/01/03
Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiak salatu du PSNk Nafarroan bultzatuko dituela Rajoyren Gobernuak Madrilen hartutako neurri ekonomiko berak. “Baina Madrilen PSOE neurri ekonomiko horien aurka azalduko da, eta hortxe dago kontraesana”, gaineratu du.

Gaur goizean, Asun Fernandez de Garaialde Nafarroako koordinatzailearekin batera eskainitako prentsaurrekoan, Zabaletak adierazi du “PSNk eskuinaren ideologiarik atzerakoiena” bere egin izana. “PSNren boto-emaileek kontuan izan behar dute koherentzia ideologikoaren aldetik Nafarroan gertatzen ari diren egoera jasanezina”.

Alderdi Sozialistaren baitan ematen ari diren berraztertze prozesuak Nafarroako Gobernuan izan dezakeen eraginari buruz kazetariek galdetuta, Zabaletak esan du epe luzera “egoera jasangaitza gertatuko zaio alderdi sozialistaren oinarria den ezkerreko esparru sozial horri”.

“Nafarroako gehiengo aurrerakoia ezin da ados egon PSNk koherentziarik gabeko modu krontraesankorrean babesten duen eskuineko Gobernu batekin”, azpimarratu du Aralarreko koordinatzaileak. “Epe ertain edo luze batean, egoera honek eztanda egin behar du nahitanahiez”.

Era berean, “ideologikoki eta jardun politikoan izan beharreko lehentasunetan” Nafarroako Gobernua “kontraesanean” erori behar dela agertu du. “Barcinak Rajoyren Gobernuaren erabakiak bere egin behar ditu, baina Madrilen PSOEk bere kontrakotasuna agertu du”. Hala, PSNk Nafarroan zer egin behar duen galdetu du.