Ubera: “Kutxabanken izaerak arduratu beharko gintuzke bere administrazio kontseiluaren osaerak baino gehiago”
Rebeka Uberak, Aralarren Batzar Nagusietako bozeramaileak, azpimarratu du euskal kutxen fusio hotzak kutxen desagerraraztea ekarri duela banku bat ekartzeko. “Erakunde berriaren lehenengo urratsa ez da batere lasaigarria izan: Kutxabanken administrazio kontseilua eskuinaren esku geratu da, Gipuzkoaren ordezkaritza murriztu egin da eta, horrenbeste aipatzen den eta, batez ere dirua tartean dagoenean, hain gutxi praktikatzen den, aniztasun politikoa baztertu egin dute”.
Aralarren ustez fusioaren emaitza izan den administrazio kontseiluaren osaketa baino garrantzitsuagoa da erakunde berriaren izaera bera. “Kutxen bankarizazioa atzera bueltarik ez duen hanka sartzea izan da. Orain eskuinak erabaki du aniztasun poltikoa bertan behera uztea, bihar pribatizazioari irekiko zaizkio ateak eta, etzi, obra soziala izango da biktima”, azpimarratu du Uberak.
“Horregatik guztiagatik”, erantsi du Aralarren ordezkariak, “ordezkaritzaren banaketaren gaiaren inguruan bakarrik jardutea azalekoa iruditzen zaigu. Iruditzen zaigu kontrako noranzkoan abiatu dela herritarren ongizatea bermatzeko eta ekonomia suzpertzeko izan beharko lukeen tresna. Ekonomia espekulatzailearen eta pribatizazioaren aldeko hautua egin da”.
Uberak dei egin dio EAJri Euskal Herriari eskaintzen dion proiektu ekonomiko eta politikoa zein den azaldu dezala, gai estrategiko batean Alderdi Popularra bidelagun hartu badu.
Albiste erlazionatuak
Gipuzkoa
- Birzikla daitekeena ez errausteko Europako Parlamentuak onartutako ebazpenarekin bat egiteko eskatu die Aralarrek Batzar Nagusiei
- Rajoyren murrizketak Gipuzkoan indarrean ez jartzea onartu dute BBNNek, Aralarren ekimenez
- Aralarrek sei mozio aurkeztu dizkio Gipuzkoako foru gobernuaren programari
- Ubera: “Hemen hitz eta pitz aritu beharrean, gauden egoera latz eta gogorrari aurre egiteko erantzunak emateko unea da”


