Aralarrek Tolosaldean osasun pribatua inposatzea leporatu dio Jaurlaritzari
- Osasuna
Eusko Legebiltzarreko Osasun batzordeko Aralarren bozeramaile Dani Maeztuk Eusko Jaurlaritzari leporatu dio “Tolosaldeko herritarrei eta udalei osasun pribatua inposatu izana”. Maeztuk, Aralarrek eta EAk elkarrekin aurkeztu duten legez besteko proposamenaren defentsan egin ditu adierazpenok. Bi taldeek moratoria bat eskatu dute Osakidetzak Asuncion klinika pribatuarekin arreta espezializatua emateko hitzarmenari dagokionean. Moratoria eskatzeaz gain, eragile guztiekin elkarrizketa mahaia eratzea eta lortutako akordioa Legebiltzarrera ekartzeko proposamena ere jasotzen zituen ekimenak.
Legez besteko proposamenaren aurka bozkatu dute EAJ, PSE eta Alderdi Popularrak. Dani Maeztuk sozialisten jarreraren aurka egin du batik bat. “Talde sozialistaren bozeramaileak mahai gainean jarri duen aitzakia sortak politikaren izen ona zikintzen du eta politika desideologizatu egiten du”, kritikatu du. “PSEk ideologia albo batera utzi du gai honetan ere, arreta espezializatua esku pribatuetan utziz”, gaineratu du Maeztuk. Legebiltzarkideak mahai gainean jarri du PSEk 2008an defendatzen zuen jarrera, “Tolosaldean osasun publikoaren alde egiten zuelako bakar-bakarrik”.
Aralarreko ordezkariak gogoratu du Asuncion Klinikarekin egindako hitzarmena azaroaren 15etik dagoela indarrean. “Egun horretatik, EAEn ere osasun arreta publikoa pribatizatzen da; ez da urrunago joan behar horren adibiderik izateko”. Maeztuk kontzertazioaren aurka Aralarrek daukan jarrera berretsi du batzordean, besteak beste, “kudeaketa pribatuari ateak irekitzen zaizkiolako eta horrek kontrol publikoa murrizten duelako. Horrela, diru publikoa oker kudeatzeari ateak irekitzen zaizkio eta arretaren kalitatea murrizteko arriskua dago”.
Albiste erlazionatuak
Gipuzkoa
- Birzikla daitekeena ez errausteko Europako Parlamentuak onartutako ebazpenarekin bat egiteko eskatu die Aralarrek Batzar Nagusiei
- Rajoyren murrizketak Gipuzkoan indarrean ez jartzea onartu dute BBNNek, Aralarren ekimenez
- Aralarrek sei mozio aurkeztu dizkio Gipuzkoako foru gobernuaren programari
- Ubera: “Hemen hitz eta pitz aritu beharrean, gauden egoera latz eta gogorrari aurre egiteko erantzunak emateko unea da”
Osasuna
- Aralarrek Nafarroari iruzur egitea leporatu dio UPNri eta Lehen mailako arretaren alde egin du osasun sistemaren oinarri bezala
- Asun Fdez. de Garaialdek Geriatria zerbitzua bere osotasunean Ospitale-guneetan eskaintzea eskatu du
- Asun Fdez. de Garialdek deitoratu egin du gaixo kronikoen estrategia integrala egiteko Osasun eta Gizarte Sailen arteko koordinazioari uko egin izana
- Aralarrek osasun zentimoari ezetz esan dio lehendakariarekin Legebiltzarrean izandako eztabaidan


