Hemen zaude: Hasiera Herriz herri Gipuzkoa Albisteak Aralarrek Diputazioari eskatu dio etxebizitza hutsa zer den zehazteko Udalek horren araberako OHZ ezarri dezaten

Aralarrek Diputazioari eskatu dio etxebizitza hutsa zer den zehazteko Udalek horren araberako OHZ ezarri dezaten

2012/01/17
Rebeka Uberak, Aralarren Gipuzkoako Batzar Nagusietako eledunak, eta Ernesto Merinok, Gipuzkoako koordinatzaileak, Batzar Nagusietan aurkeztutako ekimen baten berri eman dute prentsaurrekoan. Ekimen horren bitartez Diputazioari eskatu diote etxebizitza hutsa zer den zehaztu dezatela, gero, Udalek, horren araberako zama ezarri ahal izateko Ondasun Higiezinen Zergari. Helburua da hutsik dauden etxebizitzak alokairuko etxebizitzen merkatura bideratzeko erraztasunak ematea.

Prentsaurrekoa osorik

"Jakina da ondasun mugiezinen merkatua, krisi ekonomikoaren ondorioz, aurrera egin ezinda dabilela. Ez da duela urte batzuk bezainbat etxebizitza saltzen edo erosten. Edozein kasutan, nonbait bizi behar du jendeak eta, horrek, are larriago bihurtzen du etxebizitza hutsen gaia.

Urtebete eskas da, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoan hutsik zeuden etxebizitzak 13.200 zirela adierazi zuenetik. Horiek guztiak ez dira bigarren etxebizitza eta ez daude higiezinen merkatuan, beraz, alokairuko etxebizitza bezala merkaturatzea posible izango litzateke, adibide bat jartzearren.

Horretarako, behar-beharrezkoa da etxe horiek alokairuko merkatura ateratzeko pizgarriak jartzea, Bizigune programarekin egiten den bezala, baina, aldi berean, etxebizitza horiek hutsik jarraitzea eragotzi behar da, bizi dugun testuinguruan onartu ezin daitekeen luxua delako.

Gipuzkoan Ondasun Higiezinen Zerga aratzen duen 12/1989 Foru Arauak, 14.5 artikuluan, jasotzen du Udalek zerga horren babesean %150 zama dezaketela etxebizitza hutsa.

Aukera hori agertuz eta desagertuz ibili da gure araubidetik, baina inoiz ez da praktikan jarri Diputazioek ez dutelako neurri hori abiarazteko inolako borondaterik erakutsi. Eta jokabide hori adarjotzea izan da aurreko gobernuen aldetik. Legedia egin da penalizazio hori inoiz ez zela indarrean jarriko jakinda, eta uste dugu hori salatzeko moduko jokabidea dela.

Arazo bat dago 12/1989 Foru Arauarekin: araudi horrek garatzea eskatzen du zehatz eta mehatz ezarri dadin etxebizitza hutsa zer den eta zein baldintza bete behar dituen horretarako. Berriki, Zarauzko eta Getariako udalek Diputazioari etxebizitza hutsaren kontzeptua zein den ezarri dezan eskatu diote mozio bidez, horrela, OHZ zamatu ahal izateko eta herrian hutsik dauden etxebizitzak merkatuan sar daitezen bideratzeko.

Diputaziotik, orain arte, etxebizitza hutsa zer den definitzeko orduan dauden zailtasunak azpimarratu dituzte eta, horrenbestez, etxebizitza hutsak zamatzeko aukera hori blokeatuta mantendu dute. Aurreko legealdian, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailak, etxebizitza duin bat izateko herritarrek duten eskubidea bermatzeko lege aurreproiektua aurkeztu zuen. Orduko hartan, etxebizitza bat okupatuta dagoela adierazteko definizioa eta metodologia –uraren kontsumoa, argindarra, posta, ikuskaritza…– ezarri ziren eta, hura, baliagarri izan daiteke orain Diputazioak berea egin ahal izateko.

Foru gobernua aldatu izanak, OHZri penalizazioak ezartzeko orduan aurreko gobernuek izan duten blokeorako jarrera gainditzea posible izango den itxaropena ematen digu. Hori dela eta, ekimen bat aurkeztu dugu Diputazioak araudi bat garatu dezan etxebizitza bat ofizialki hutsa dagoela ezarri ahal izateko behar diren baldintzak jasoaz".