Hemen zaude: Hasiera Herriz herri Bizkaia Albisteak Iosu Murgia: “Zeharo eskumara egin du Bizkaiko errealitate politikoak”

Iosu Murgia: “Zeharo eskumara egin du Bizkaiko errealitate politikoak”

2012/01/04
  • Murgia
Aralarren Bizkaiko koordinatzaile Iosu Murgiari elkarrizketa zabala egin diote gaur Bizkaia Irratian. Aktualitate politikoan mahai gainean dauden hainbat gai jorratu ditu Murgiak.

Bizkaiko egoera politikoa eta soziala “arduraz” bizi du lurralde horretako Aralarren buruak. “Zeharo eskumara egin du Bizkaiko errealitate politikoak”, adierazi du. “EAJk eta PPk mozorroa kendu zuten aspaldi eta bi alderdien artean hainbat gauza adostu zituzten, zergen eta peajeen inguruan lortutako akordioak ditugu horren adibide. Baina orain, aurrekontuen inguruan ere adostasuna lortu dute eta alor sozialean murrizketak egingo dituzte”, salatu du Murgiak. Bere iritziz, “onartu diren aurrekontuetan, 11 eurotik bakarra bideratuko da gai sozialetara”. EAJk “gezurra esaten du Bizkaian alor soziala inon baino gehiago laguntzen esaten duenean”.

Aralarren “2012a barrura begira hasteko asmoa dugu”, azaldu du Murgiak, “ideologikoki gure militantziarekin lan ildoak finkatzen hasiko gara, gure ideologia lantzen eta gai sektorialak ere jorratuz”. Koordinatzailearen iritziz “gaurko egoera ikusita, ezkerrak beharrezkoa du hausnarketa eta eztabaida sakona egitea; etorkizunean ezker abertzale sendo bat eraiki gura badugu, argi izan behar ditugu ezkerretik egiten ditugun planteamenduak zeintzuk diren”. “Aralarrek bere bidea egingo du eta ezkerreko posizionamendu kualitatitabo hori ere eskainiko dio etorkizuneko ezker abertzaleari”, gaineratu du.