Hemen zaude: Hasiera Herriz herri Bizkaia Albisteak Durangoko udalak agerian utzi du beste behin proiektu politikorik ez duela, ordenantza fiskalen bilkuran

Durangoko udalak agerian utzi du beste behin proiektu politikorik ez duela, ordenantza fiskalen bilkuran

2011/11/30
  • Durango
Udal gobernuak “duda juridikoen” aitzakia jarri du hutsik dauden etxebizitzei karga berezia ez ezartzeko, Aralarrek egindako proposamenari jarraituz. .

Aralarren iritziz, ordenantza fiskalen inguruan Durangoko udaletxean egindako osoko bilkuran agerian geratu da udal gobernuak gabezia nabarmenak dituela. Aurreko 2 urteetan hartutako ildoari muzin egin eta aurten ordenantza fiskalak igotzeko erabakia hartu du. Aurreko urteetan egoera ekonomikoaren aitzakia hartu du ordenantza fiskalak ez ukitzeko eta aurten, azken 20 urtetako langabezi handiena dugunean, igotzeko erabakia hartu du. Lehen populismoa egiten ziharduen, edo orain guztiz ito gura ditu Durangoko herritarrak.

Badago, ordea, beste arrazoi garrantzitsu bat: aurreko urteetan udal gobernuak PPren botuak gura zituen eta PPren eskutik ez zituen ordenantza fiskalak igotzen; orain, PSEren botuekin jokatzen du eta PSEren baimenarekin igotzen ditu. Hala ere, agerian geratu da irizpide argi eta koherente gabe egiten duela, eta horixe da, hain zuzen, gobernuari eskatzen zaiona, alegia, irizpide argiak izatea eta politika koherentea egitea.

Aurtengo debatean Aralarrek aurreko urteetan proposatu dituen gai berak jarri ditu mahai gainean. Zergetan, Aralarrek iritzi dio progresibitatea aplikatu behar dela zergak ordaintzeko orduan, eta horretarako arau foralak ezartzen dituen bonifikazioak erabili behar direla; tasen kasuan, zerbitzu publikoek duten kobertura kontuan izatea eskatzen dugu, jakite aldera berauek igotzea edo bajatzea beharrezkoa den. Gobernuak azken urteotan egin duenaren aurka gaude: guztiei igotzea edo guztiei izoztea ez da konponbidea.

Aralarrek gobernuaren proposamenari zenbait zuzenketa aurkeztu dizkio eta hurrengoak onartu dira:

  • Zerga batzuk ordainketa zatikatuaren bitartez ordaintzerako orduan atzerapenik badago interesik ez kobratzea (intereses de demora). Gaur egun bizi dugun testuinguru ekonomikoan ezmorala iruditzen zaigu ordainketa zatikatua egin behar dutenei interesik eskatzea.
  • Telefonia enpresei euren azpiegiturak ezartzeagatik tasak ordaintzea behartzen dituen ordenantza aldatzea, dituzten bezero eta mozkinen arabera ordaintze aldera. Estatu mailako hainbat auzitegitan dagoen gaia da eta gure proposamenean Badalonako eta Donostiako eredua hartu dugu, bi adibide hauek baitira aurrera egiteko aukera gehien duten ordenantzak.
  • Banketxeek zaborra batzeagatik ordaintzen duten tasa %8a igotzea.

Aldiz, Aralarrek proposatzen zuen beste aldaketa baten aurka bozkatu du udal gobernuak: zaborren tasan, 250 euroko tasa ordaintzea eskatzen genuen hutsik dauden etxebizitzentzat. Hori da etxebizitza hutsei zergak ezartzeko modu bakarra, Aldundiak arau forala aldatzeko erabakia hartu arte. Aurten bertan Gasteizko udalak abian jarri duen neurria da.

Salagarria iruditzen zaigu gobernu honek daraman gobernu eza eta behin eta berriro agerian uzten dituen konplexuak. Azken neurria ez onartzeko, adibidez, “duda juridikoak” aipatu ditu, baina errealitatea da gobernuak ez duela gura Durangoko etxebizitza hutsak zergapetzea.