Durangoko Aralarrek salatu du udalak herritarrei egoera ekonomiko erreala ezkutatu gura diela
- Durango
Durangoko udaletxean egin den urteko azken osoko bilkuraren ostean, Durangoko zinegotziek prentsaurrekoa deitu dute Aralarren egoitzan. Dani Maeztuk eta Iker Urkizak salatu dute EAJren udal gobernuak "gobernu eza eta kudeaketa ezin txarragoa" egiten duela udaletxean. Bi zinegotziei larria iruditu zaie urteko azken plenora iritsita ere, udal gobernuak oraindik hurrengo urterako aurrekontu proposamena egin ez izana.
"Krisi ekonomikoan murgilduta gaudela, larria da 2012an aurrekontu gabe egotea eta aurreko urtekoen luzapenarekin aritu behar izatea. Horrek kudeaketa ekonomikoaren atzerapena ekarriko du eta inbertsioak geldiaraziko dira", salatu dute. EAJk hartutako erabakiaren oinarrian "egoera ekonomiko larria ezkutuan gordetzeko asmoa" dagoela esan dute. "3 milioi euroko desfasea dago aurrekontuetan, diru sarrera eta gastuen artean, eta egoera hori salatzea beharrezkoa da, herritarrek jakin dezaten", gaineratu dute.
Azken urteotan egin diren obra publikoak jarri dituzte adibide moduan, "guztietan larriena igerilekuetan egon den gastua izan delarik". "Behin obra bukatutzat eman ostean, igerilekuetan obrak egiten jarraitu dira, eta udalak ez dio inori erantzunkizunik eskatu", kexatu dira.
Horregatik guztiagatik, Aralarrek eskaera zehatza egin dio udal gobernuari: "herritarrei argitasun osoz azaldu diezaiola egoera ekonomiko erreala zein den eta udaletxean ordezkaritza duten beste alderdiei aurrekontu borradorea lehenbailehen aurkeztu diezaiola, alderdi politikoen ekarpenak jasotze aldera".
Albiste erlazionatuak
Bizkaia
- Alternatibak, Aralarrek, EAk eta ezker abertzaleak beren proposamen sozioekonomikoa aurkeztuko dute larunbatean, EHUren Bilboko Paraninfoan
- Durangoko Aralarrek udal gobernuak aurrekontuen inguruan daukan "seriotasun falta" salatu du
- Barakaldon edateko uraren kalitatea bermatzea lortu dutelako, poztasuna agertu dute eragile sozial eta politikoek
- Aralarrek Aldundiari leporatzen dio Bizkaibuseko zerbitzuak kendu izana, udalekin zerbitzua emango dela bermatu aurretik


