Hemen zaude: Hasiera Herriz herri Bizkaia Albisteak Durangoko Aralarrek dio “udaletxearen kontratazioetako irregulartasunek udal kutxa nabarmen kaltetzen dutela”

Durangoko Aralarrek dio “udaletxearen kontratazioetako irregulartasunek udal kutxa nabarmen kaltetzen dutela”

2012/01/22
Herri Kontuen Euskal Epaitegiak 2009 urterako Durangoko udal aurrekontuen fiskalizazio txostena argitara eman du.

Txostena aztertu ostean, Durangoko Aralarrek edukiaren inguruko hausnarketa plazaratu gura du. Gure iritziz, txostenean argitara ematen diren datuek agerian uzten dute kontratazio alorrean Durangoko udaletxeak gaitz kronikoa pairatzen duela, bereziki obren kapituluan; horrek udal ekonomia nabarmen kaltetzen du.
 
Herri Kontuen Epaitegiak aztertu dituen 2009ko kontratu guztietan hainbat irregulartasun egon ziren, Aralarrek hainbat aldiz salatu izan duen moduan. Hala, udaletxeari hainbat aldiz eskatu izan diogu irregulartasun horiekin bukatzeko. Txostenean aztertutako 5 kontratuetatik, aurrekontu gehien eroan duten 2 egitasmoek (igerilekuak eta biblioteka), “esleipenen printzipio legaletatik kanpo geratzen diren kontratuaren aldaketak eman dira”. Horrek, hasierako esleipen zifraren %32 eta %37ko (hurrenez-hurren) desbideratzea suposatzen du. Are gehiago, modifikazio horiek ez dira balizko prozedura legalak jarraituz egin, eta arazo hori Durangon egin diren obra garrantzitsu guztietan gertatu da. (Aipatu direnez gain, gogoratu beharra dugu hizkuntza eskolaren obrek hasierako aurrekontua baino %30eko gain kostua izan zutela, eta aipatu diren hiru obra horietan 5 milioi euro izan gain kostua izan dela).
 
Gainera, obretako kontratu baten ere ez da egiten legeak eskatzen duen derrigorrezko proiektuen ikuskapena, betekizun legal eta tekniko guztiak betetzen direla ziurtatzeko.
 
Beraz,  gobernuan dagoen taldeari eskatzen diogu, oposizioari kasurik egiten ez badio ere, kasu egin diezaiola Herri Kontuen Euskal Epaitegiak esaten duenari eta udalak egiten dituen kontratazioen prozedura gainbegiratu dezala, batez ere obren egikaritze, hartze eta gainbegiratzeari dagokionean. Izan ere, egiten diharduen irregulartasunak milioi askotako kaltea dira eta zama handia suposatzen diote udal aurrekontuei.
 
Zerbitzuen kontratazioan Aralarrek jada salatu izan duen zerbait azpimarratu gura dugu: TAO esleitzeko kontratuan, Gertek enpresak udalari kanon finkoa eta bakarra ordaintzen dio. Hala ere, egon badago beste kanon jakina, aldakorra dena, enpresak udaletxeari ordaindu beharko liokeena eta ordaintzen ez diona, ez baitako kanon aldakor hori kalkulatzeko irizpiderik (hori guztia, Herri Kontuen Epaitegiak azaltzen du). Horrek esan gura du kanon aldakor horrengatik kobratzeari uko egin diola udaletxeak urte hauetan.
 
Bukatzeko, epaitegiak ere agerian uzten du langileen kontratazioetan ere irregulartasunak eman direla, kontratu kopuru nabarmen bat ez baitzen balizko hautaketa prozesuaren ondotik eta publizitatea eginez burutu. Epaitegiaren iritziz, gainera, bitarteko kontratuen kopurua handia da.
 
Laburbilduz, txosteneko azterketak urte bateko egoerari badagokio ere, agerian uzten du udaletxean ematen diren irregulartasunak sistematikoak direla eta horrek kostu nabarmena duela diru publikoan. Beraz, arduradunen lehentasuna izan beharko litzateke egoera horrekin bukatzea, autokonplazentzia alboratuz eta ardura publikoak izateak exijitzen duen erantzukizuna hartuz.