Hemen zaude: Hasiera Herriz herri Bizkaia Albisteak Aralarrek elkartasuna adierazi nahi die etxeko-langileei

Aralarrek elkartasuna adierazi nahi die etxeko-langileei

2011/03/17
  • Aralar
  • Elkartasuna
  • Lan istripua
  • Murgia
Aralarretik gure dolumina eta elkartasuna adierazi nahi diegu joan zen larunbatean lan-istripuz hil zen etxeko langilearen senitarteko eta lankideei. Santurtzin izan zen lan istripuak berriz ere agerian utzi du etxeko langileek bizi duten lan egoera txarra. Hori dela eta, Aralarrek etxeko-langileen egoera kaxkarra salatzeaz gainera, egoera horrekin behingoz amaitzeko erabaki irmoak hartu behar direla adierazi nahi du. “Kasu askotan, gehiegitan, kontraturik gabe eta gizarte segurantzarik kotizatu gabe lan egiten dute”, adierazi du Bizkaiko Batzar Nagusien bozeramaile Josu Murgiak. “Bada garaia egoerari buelta emateko, lan-baldintzak duintzeko eta lehenengo ordutik, eta baldintzarik gabe, gizarte segurantza barruan egoteko”.

Bestalde, agentzien jarduera kontrolatzeko beharra azpimarratu du Murgiak, “ordutegirik gabeko lana, asegururik gabe, eta oporraldirik eta askotan egun librerik gabe aritzen dira eta horrelako gehiago gerta ez dadin ikuskaritza-lan orokorra, sistematikoa eta iraunkorra indarrean sartzea behar-beharrezkoa” dela iritzi dio. Era berean, “Lanbidek etxeko langileen enplegua beregain hartzea eta hori erakartzeko ahalegin bereziak egitea” ezinbestekoa dela azpimarratu du.