Hemen zaude: Hasiera Herriz herri Bizkaia Albisteak Aralarrek 23 emendakin aurkeztu ditu 2012ko Basauriko aurrekontu proposamenaren aurrean

Aralarrek 23 emendakin aurkeztu ditu 2012ko Basauriko aurrekontu proposamenaren aurrean

2012/01/13
Aralarrek 23 emendakin aurkeztu dizkio EAJk Basaurirako proposatu duen aurrekontu proposamenari. Azkenean, ezker abertzaleko alderdiak uko egin dio osoko zuzenketa aurkezteari, diru-sarrerak handitzeko eta azaleko gastuak (propaganda, protokoloa...) murrizteko ahalegina egin dela uste duelako. Era berean, aurreko urteekin alderatuta, Kultura eta Euskara arloetan aldaketak izan direla kontuan hartu du.

Bestalde, Soloarte inguruan erosi diren orubeek aurrekontu proposamena baldintzatzen dutela uste du Aralarrek. Izan ere, eta aurreko legealdian Basauriko Udalean izan ziren agintarien kudeaketa negargarriarengatik, herritarren poltsikotik etorriko diren 3,5 milioi euro ordainduko dira orube horiengatik. Partzela horiek eraikitzeko baldintza pleguak bozkatzerakoan EAJk abstentzioaren alde egin zuela kontuan izan du Aralarrek.

Dena dela, ezker abertzaleko alderdiak uste du zenbait ataletan hankamotz geratu direla aurrekontuak:

Herritarren parte-hartze eza:

Herritarren parte hartzea aztertzeko lan teknikoetarako diru-atal bat gordeta dagoen arren, EAJk ez du oraindik bete hauteskundeetarako erabili zuen programan agintzen zuena, eta herritarrek ez dute aukerarik izan aurrekontu proposamen honen prestaketan parte hartzeko. Hurrengo urteko aurrekontuak prestatzeko lanean eta eztabaidan herritarrek parte hartzeko aukera izateko neurriak hartzea exijitzen du Aralarrek.

Arlo sozialean eta ingurumenean murrizketak:

Azaroan, 3.343 pertsona langabezia egoeran zeuden Basaurin, eta horietatik 1.780 emakumeak ziren. Aurreikuspen txarrak mantentzen badira, langabeziak gorako joerari eutsiko dio eta, beraz, udalerriko babes sozialerako beharrak handitu egingo dira. Aralarren ustez, ez da ahalegin nahikorik egin krisiaren ondorio kaltegarriak leuntzeko, are gehiago kontuan izaten badugu jada babes gutxien duten pertsonak, batez ere emakumeak, izango direla egoerarik kaskarrenean.

-        Ongizate Sailak %2ko murrizketa izango du aurrekontuetatik, nahiz eta kudeatzeko diru kopuru handiago izango duen. Aurrekontuen %14 hartzen zuen atal honek iazko aurrekontuetan, baina 2012koan %11,8 hartuko du. Adineko pertsonen etxebizitzetan segurtasuna areagotzeko gorde diren 169.000 euro horietan izan da hazkunde bakarra. Beraz, berdintasuna, mendekotasuna, drogramendekotasuna, familia eta edadeko pertsonentzat gordetako ataletan murrizketa portzentuala gertatuko da. Gauza bera gertatzen da etxez etxeko laguntzetarako eta izaera sozialetarako diru ataletan.

-        Bestalde, txirotasunean bizi diren herrialdeei bideratutako diru-laguntza ez da %0,7ra iritsiko. Garapen kooperazioa eta immigrazio ataletarako diru partida aurrekontuen %0,76 den arren, elkartasunera bideratutako egiazko diru-laguntza %0,47koa izango da. Bizi dugun egoera ekonomikoa txarra den arren, Aralarretik uste dugu txirotasun egoeraren dauden herriekiko laguntzari eusti egin behar zaiola.

Ekonomia sustapena:

Atal hauek aurrekontuen %3,4 hartzen dute, iazko jardunen beste. Kopuru osoa igo den arren, igoera portzentuala ere handiagoa izan behar litzatekeela deritzogu. Are gehiago kontuan hartzen badugu alor hau lehentasunezkoa zela EAJrentzat hauteskunde kanpainan. Behargintzarako diru-atalak handitu egin dira, baina Ibilbide Profesionalaren hastepenerako Zentroari 90.000 euro gutxiago eman izana ez da ulergarria. Atal honetarako diru-atala handitzea proposatzen du Aralarrek aurkeztutako zuzenketen bidez.

Lurralde politika:

-        Gasaren (9.000 euro), uraren (20.000 euro) eta erregaien (78.000 euro) diru atalak hazi izana azpimarragarria da, eta bestetik, Ingurumenerako Ikuspenn Teknikorako atala 23.000 eurotan murriztu izana. Aralarren ustez, estrategikoa da Udalak energia berriztagarriak erabiltzea eta energia efizientzia bilatzea. Halaber, inspekzio konprometitua, gaitua eta prestatua egin behar dela azpimarratzen du.

-        Hirigintzari dagokionean, BIDEBI desagertzea proposatzen du Aralarrek, funtzio hori Udalaren teknikariek egin dezaketela uste baitu. Era horretara, 380.000 euro gehiago izango ziren beste zeregin batzuetarako.

Kultur politika eta euskara:

Sustraiak Fundazioak, egun daukan egiturarekin, aurrera egin behar duen edo ez eztabaidatu behar dela uste du Aralarrek. Fundazio horrek 280.000 euroko diru partida dauka.

Beharrezkoak ez diren gastuak:

-        Zerbitzu zahar eta berrien pribatizazioak eragindako gastuak dira azpimarragarrienak. Hala, udal artxibategiaren kudeaketak 56.000 euroko gastua izango du, karparen mantenu lanek 131.000 eurokoa eta udaletxera sartzeko kontrol lanek 116.000 eurokoa. Orotara, 303.000 euro xahutzen ditu Udalak langile publikoek arazorik gabe egin dezaketen lanetan.

-        BIDEBI, zeregin hori Udaleko teknikariek bete dezaketelako. 380.000 euro beste zeregin batzuetarako izango ziren.

-        10.000 euro Athletic Fundazioari.

Horregatik guztiagatik, Aralarrek 23 zuzenketa aurkeztu dizkio gastuak atalari. Horren azken helburua da krisiari aurre egitea politika sozialak, produkzio sarea eta enplegua indartuz, jasangarritasunaren alorrean gure udalerriak daukan gabezia handiari aurre egin ahal izateko.