Hemen zaude: Hasiera Herriz herri Bizkaia Albisteak Aralarrek “adostasun handiagoa eta ingurumen inpaktu txikiagoa” eskatu du Bizkaiko Aldundiak atzeratzea erabaki duen errepide-egitasmoetan

Aralarrek “adostasun handiagoa eta ingurumen inpaktu txikiagoa” eskatu du Bizkaiko Aldundiak atzeratzea erabaki duen errepide-egitasmoetan

2012/01/23
  • Bizkaia
  • Murgia
Alderdiak Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu dio, hiru errepide egitasmo atzeratzeko erabakia aprobetxatu dezala, ingurumen inpaktu txikiagoko proiektuak egiteko eta adostasun zabalagoa lortzeko.

Bizkaiko Foru Aldundiak hiru errepide-egitasmo atzeratzeko erabakia hartu du, zehazki, Ermuko bariantea, Ondarroa-Markina eta Boroa-Igorre, diru nahikorik ez omen dagoelako obrak burutzeko. Erabaki horren aurrean, Aralarrek Aldundiari eskatu dio denbora hori aprobetxatu dezala, egitasmo horiek ingurumenean izan dezaketen kalteak nola murriztu ahal diren aztertzeko eta eragiten dioten herriekin egitasmoaren inguruko benetako adostasuna lortzeko. “Alegia, Aldundiari eskatzen diogu gardentasunez jokatu dezala, informazioa erraztu dezala eta denbora-epe zabalekin jokatu dezala, herritarrok dauzkagun kritikak, proposamenak eta iritziak plazaratzeko eta aztertzeko”, adierazi du Bizkaiko koordinatzaile Iosu Murgiak.

Aldundiak beste hiru egitasmo egin asmoa duela iragarri du. Horren aurrean, Murgiaren iritziz horietako bi hastea ez da “zentzuzkoa”. “Ez da zentzuzkoa Zornotza-Musika (Autzaganeko tunela) eta Bermeo-Mungia tarteetan obrak hastea, ingurumen inpaktuaren azterketa bukatuta ez dagoenean eta egitasmoari Eusko Jaurlaritzak eta Urdaibaiko Patronatuak kontrako iritzia eman diotenean. Okako tunelari dagokionean”, gaineratu du.

Bestalde, Markina-Ondarroa arteko egitasmoak adostasun zabalagoa beharko luke Aralarren iritziz. “Hausnarketa sakonagoa eta herritarrekin adostasun zabalagoa beharko luke, ekologistek aurkako iritzia eman baitute, esaterako”. Alderdiaren iritziz garai hau aprobetxatu beharko litzateke egoerari irtenbidea emateko. “Gauzak hobeto egiteko denbora ematen digu bizi dugun testuinguruak”, gaineratu du Murgiak.