Hemen zaude: Hasiera Herriz herri Araba Albisteak Gizarte eragileekin elkar-lanean, adin txikiko etorkinak artatzeko protokoloa egitea exijitu du Aralarrek

Gizarte eragileekin elkar-lanean, adin txikiko etorkinak artatzeko protokoloa egitea exijitu du Aralarrek

2012/02/03
  • Immigrazioa
Aralarreko legebiltzarkide Mikel Basabek “ezinbestekotzat” jo du adin txikiko atzerritarrak artatzeko “udalaren eta foru aldundiaren arteko protokoloa egitea, gizarte eragileekin elkarlanean”.

Atzerriko adin txikien kopururik handiena duen lurralde historikoa da Araba; horren haritik, gogor salatu du Aralarrek, atzo Legebiltzarrean onartu zen ekimena, “ez baitu jasotzen beren beregi Gasteizko udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren arteko kolaborazioa lantzea adin txikiko gazte horiek artatzeko”.

Ezker Anitzak eraman du eztabaidara gaia gaurko osoko bilkuran. Aralarren legebiltzarkide Mikel Basabek adierazi duenez, berez larria den gaiaz egindako kudeaketa okerrak eragin du Legebiltzarreko eztabaida. Izan ere, eta Basaberen iritziz, lehenengo eta behin, “utzi egin behar zaio immigrazioa iruzurrarekin eta delitugileekin lotzeari” eta bigarrenez, “artatu egin behar dira adin txikikoak, adin txikikoek dauzkaten eskubideak errespetatuz”.

Gainera, popularrei eta sozialistei gogorarazi die adin txikikoen izaera agiri ofizialek ematen dutela eta agiri ofizialik ez dagoenean jo behar dela bestelako metodoetara, ez lehenago. “Hala, eta gazteak adin txikiko izateari utzi dionerako artapen protokolo bat ere egon behar da, derrigor, eta hori ezinbestean aldundi eta udalen arteko kolaborazioan egin behar da”. Basabek azaldu duenez, “adin txikikoen egoitzan izan eta hortik egotzi diren pertsonak sartu behar dira ezinbestean udal eta aldundiaren arteko protokolo horren baitan, baina horretarako, jakina, protokolo batek egon behar du eta lan egin behar da sektore horretan egunero lanean diharduten elkarteekin, protokolo hori izan dadin protokolo ona”.