Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Bloga Zentsura

Zentsura

Jon Abril 2010/11/05
  • Eliza
  • zentsura
  • filmea
"A serbian film" filmea ematea debekatu du epaile batek. Ez dut filmea ikusi, baina dituen edukiak dituela, jaialdi batean, areto batean, ehunka ikusle batzuek baino ikusiko ez zuten filme bat debekatzea zentsura da.

Zentsurak bizirik dirau. Sitgesen filmea eman ondotik, Concapak (guraso ultrakatolikoen elkarteak) salaketa jarri eta epaile batek esku hartu du filmea Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaldian eman ez dadin. Askatasuna defenditzen omen dute. Norena? Ikusi nahi ez duenak zinema aretora joatea bertzerik ez du. Betiko moduan, neurri prebentiboak ezartzen dira, erakunde pribatu baten interesak lehenetsi dira.

 

Eta zergatik ikusarazten zaizkigu eliza katolikoaren hainbertze atal gore, desatsegin, beldurgarri? Gogoan dut, orain urte batzuk, Berako Institutuan nola mareatu zen ikasle bat erlijioko klasean apaiz batek (orain kikoen jarraitzailea dela uste dut) abortoaren gainean jarritako bideo batengatik. Bideoan haur bat aizkora batekin zatitzearekin alderatzen zuen abortoa. Eurek bai, eurek erabil ditzakete nahi dituzten irudiak, baita hezkuntza arautu eta publikoan ere, baina gainerakoei, zentsura!

 

Filmeak bertzela lortuko ez lukeen oihartzuna eta arrakasta lortu du. Lehendabiziko aipamena, publikoaren saria, adierazpen askatasunaren alde. Generoa erakargarri egiten ez bazait ere, nik ere, aukera dudanean, ikusiko dut filmea.

 

Filmearen trailerra hemen ikusgai.

Iruzkina gehitu