Zaharrak berri! Eta Etorkizuna beltz!
Baina errealitatea krudela da, eta azkenean azaleratu egiten da, hasiera batean zahar egoitzen barruan geratzen dena. Makina bat, langile mehatxatuak daude, Foru Aldundiak zahar egoitzaren kudeaketarako kontratatzen duen enpresarengatik: zerbait esaten edo eta salatzen badute, kanporatuak izango direla. Zaharren familiakoek ere, beraiena jasaten dute,idatzizko “mehatxu” edo eta jakinarazpenen bidez. Eta gure adinekoak…zer? Ordaindu eta ixildu! Non geratzen da pertsonen duintasuna?
Mehatxu hauen berri Foru Aldundiak ba al daki? Edo eta Foru Aldundiaren babesarekin burutzen dira? Foru Aldundiak zer nolako jarraipena egiten du bere ardurakoak diren zahar egoitza hauetan? Niri ez dit balio hain famatua egin dena: Zerbitzuaren ardura publikoa eta kudeaketa pribatua izateak, ez du esan nahi zerbitzua pribatizatu egiten denik. Hori guztiz publikoa da. Baina praktikak, egunerokoak erakusten digu, erakundeengandik, kasu honetan Foru Aldundiarengandik ez dagoela benetako jarraipenik, kontrolik, ardurarik….eta azkenean enpresa hauek nahi duten guztia eta nahi duten bezala kudeatzen dituztela zahar egoitza hauek. Hori bai! Foru Aldundiak abixua pasatzen dienean ikuskaritza pasako dela…ordurako dena txukun eta primeran, ordu batzuetarako ez bada ere.
