Sarraskia Saharan
- Perez
- Basabe
- Maroko
- Sahara
Elkartasuna eramateko, Sahararren egoeraren berri jasotzeko, eta bizi duten egoera lazgarria, askatasun eza eta injustizia Euskal Herrira ekartzeko joanak ziren Basabe, Perez, Antia eta Sagredo Saharara. Bertze politikari, aktibista, kazetari eta herritar anitzek egin izan duten moduan. Baina Maroko urduri dago. Ez du atzerriko begirik nahi Aaiunen. Eta horregatik erretenitzen ditu aireportuetan bertaratzen den edozein. Tratu txarrik ez diete eman lau euskal herritarrei, baina bai tratu txarra. Alegia, ez dituzte kolpatu, ez dituzte jipoitu, ez dituzte torturatu. Baina askatasunik gabe utzi dituzte. Ezin libreki mugitu. Pasaporteak eta bidaia txartelak kendu, azalpenik eman ez, mugitzeko askatasuna ukatu. Tratua txarra izan da.
Bertan gertatzen ari dena isilarazi nahi dute. Ez dute lekukorik nahi. Maroko egiten ari den sarraskia isilarazi nahi du. Gaur, hainbat hildako utzi dituzte Marokoko indarrek saharraren kanpamendu babesgabeetan. Euren haimatan tiro egin dute. Euren bizitza urratu dute, gehiago oraindik. Eta gure bihotza ere bai. Gure herrirako nahi dugun askatasuna nahi dugu Sahararako ere. Justizia. Demokrazia. Erabakitzeko ahalmena. Pertsona eta herri bezala garatu ahal izateko eskubidea behar dute.
Maroko Sarraskia egiten ari da Sahararekin. Gu ez gara isilik geldituko, ez horixe. Egoera salatzen jarraituko dugu, sahararrak babesten, elkartasuna ematen, euren aldarrikapenak geure egiten. Eta Espainiako agintariei eskatzen, Maroko babesteari utz diezaiotela, Espainiak duela bertan gertatzen ari denaren erru handia, kolonizazioa bukatu beharrean, Marokoren atzaparretan utzi zuelako Saharako herria.
Eta Basabek, Perezek, Antiak eta Sagredok erran duten bezala, Saharara berriz ere joateko asmo tinkoarekin jarraitzen dute. Ez ditugu bakarrik utziko.

