Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Bloga Odolkiak ordainetan, Durangaldeko bailaran

Odolkiak ordainetan, Durangaldeko bailaran

Dani Maeztu 2011/04/21
  • Maeztu
  • Ingurumena
“Not in my back yard”(Nimby efektua), dio ingelesezko akronimoak, “ez nire atzeko baratzean”, euskarazko itzulpenak. Askotan, garapen ereduaren eraginak mahai gainean jartzen ditugunean, Nimby efektura mugatzen dira, arazoaren benetako edo sakoneko edukiari heldu beharrean.

Munduko populazioaren %20ak baliabide naturalen %80 kontsumitzen du, bere garapen eredua elikatzeko. Horrek dakar, beraz, populazioaren beste %80ak baliabideen %20arekin konformatu behar duela. Gainera, agerikoak dira iparraldekoon garapen ereduak hegoaldeko herrietan eduki dituen ondorioak, nahiz eta gu bizi garen tokitik eta daukagun ikuspegitik ikusteko errazak ez izan. Hegoaldean gertatzen denak, alegia, ez du gure kontzientzia larregi astintzen. Baina azkenaldian ari gara ikusten gure garapen ereduak gure bizilekutik gertuago ere ondorioak sortzen dituela; orduan sortzen da eztabaida.

“Not in my back yard”(Nimby efektua), dio ingelesezko akronimoak, “ez nire atzeko baratzean”, euskarazko itzulpenak. Askotan, garapen ereduaren eraginak mahai gainean jartzen ditugunean, Nimby efektura mugatzen dira, arazoaren benetako edo sakoneko edukiari heldu beharrean.

Euskal Herriko baratzeek ere asko dakite akronimo horretaz. Abiadura Handiko Trena dugu eredu bat. Orain urte batzuk, AHTren ibilbidea erabaki behar zenean, AHT bai, baina “ez nire baratzean” aldarrikatzen zuten hainbat udaletxek: Durango, Iurreta, Abadiño, Atxondo, Elorrio…  hainbat Nimby alegazio aurkeztu zizkioten AHTren ibilbideari.

Orain antzeko zerbait gertatzen ari da Durangaldetik igaroko den Red Electrica Espainolaren goi-tentsioko linearekin. Durangaldeko arana erdian geratuko da, AHT hegoaldean eta hegoaldeko baratzetan, eta goi-tentsioko linea iparraldekoetan. Hor, bitartean, kartzelaratuta geratuko da Durangaldea.

Aralarrek hamaika aldiz adierazi du AHTren proiektuaren aurka dagoela, proiektu txikitzailea delako eta sekulako diru xahuketa suposatuko duelako, herritarren benetako garraio beharrizanak asetzeko balio ez duelarik. Aralarrek ere goi-tentsioko linearen aurkako iritzia adierazi gura du orain. Baina gure kritika ez da hortxe geratuko. Hausnarketa ez dugu goi-tentsioko linearen ibilbidean kokatzen. Hausnarketa goi-tentsioko linea eraikitzearen arrazoian kokatzen dugu. Eztabaida ez da nondik igaroko den, baizik eta zertarako eraikiko den. Eta Red Electricak argi eta garbi azaldu du: AHT elikatzeko horrelako zerbait behar da. Nongo baratzeak zeharkatu dituen berdin zaio.

Ekialdetik hegoaldera, hegoaldetik ekialdera, Durangaldeko iparraldeko eta hegoaldeko baratzak okupatuta izango ditugu. Eta azpiegitura urbanistiko zein energetiko gehiago izango dugu baldin eta ez badugu eztabaida beste toki batean kokatzen: gizartearen garapen eredua eta berau elikatzeko behar dugun eredu energetikoa.

Beraz, gaur arte izan dugun mugagabeko ereduarekin jarraituz gero, gero eta baratze gutxiago izango du: gaur AHT da; gaur tentsio altuko linea da; bihar Beasain-Gerediaga errepidea izango da; etsi autopistaren 4. karrila; betiko izango ditugu harrobiak gure mendietako harria irentsiz; gaur zentral termikoa dugu Zornotzan eta bihar etxe alboko baratzean beste bat izango dugu.

Horregatik guztiagatik, garapen ereduaz gain, eredu energetikoa bera aldatzeko premia ere badago. Gaur egun energia sare banaketa zentralizatua dugu eta energia fosilekin, nuklearrekin eta zenbait berriztagarriekin elikatu dugu. Eredu hori errotik aldatu behar da: hasteko, garapen eredua mugatuz, aurreztea lehenetsiz, energia beharrizana baretu behar dugu; gero, energia berriztagarriez elikatutako ereduaren aldeko apustua egin behar du, planifikazioa, produkzioa eta banaketa, neurri handi batean, maila lokalera ekarriz.

Iruzkina gehitu