Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Bloga Natura eta eredu energetikoa

Natura eta eredu energetikoa

Rebeka Ubera 2011/03/15
  • Energia
  • Garapen eredua
Japonen gertaturiko lurrikarak berriro ere gure tokia, gizakiaren tokia zein den erakusten digu. Eta berriro ere, ebidentziaren aurrean ezin ditugu begiak itxi eta aurrera jarraitu, ormaren aurka jotzen jarraituz. Pertsonak ez gara ezer, ur tanta bat baizik itsaso zabalean. Natura, lurra, bizia ezin dugu menperatu, berarekin bizitzen ikasi behar dugu, elkarbizitzen errespetutik. Garapenak dakartzan onurak eta kalteak naturarekin ahalik eta hobekien uztartuz. Japonen gertaturiko lurrikarak erakutsi duena da, ikusi nahi duenarentzat behintzat, hondamendi bat gertatzen denean, naturak eragindakoa, gizakiak ezarri duen garapen ereduaren arabera hondamendia larriagoa izan daitekeela. Hondamendiak areagotu, larritzeko gaitasuna dugula ezarritako garapen ereduaren baitan.

Agintariek, pertsonek, joera daukagu bide errazena eta motzena aukeratzeko, zailtasunak ditugu epe luzeko helburuekin lan egiteko. Nahi izaten ditugu eta premia daukagu lorpenak lehen bai lehen lortzeko, nahiz eta luzarora kalte gehiago ekarri onurak baino. Eta hain zuzen ere, hori ari zaigu gertatzen ezartzen ari diren eredu energetikoaren inguruan. Energia estrategia ere, amildegira garamatzan garapen ereduaren printzipioen baitan eraikitzen ari dira. Kaduzitate data daukaten erregai fosiletan, makro azpiegituretan oinarrituta; Albo batera utziz, inguruneko errealitate hurbila, ahalik eta kutsadura gutxien sortzea, ekidinez amaiera ez daukaten energia iturriak, abar eta abar.

 Gure apostua, hainbeste aldarrikatzen eta gustatzen zaigun berrikuntzan oinarritu beharko litzateke. Benetako berrikuntzan. Naturak gure esku uzten dituen ondasunak, lehen gaiak inteligentziaz erabiliz, maila lokaletik globalera abiatuta, behetik gora eta ez goitik behera, azpiegitura txikien bidez, kontsumitzen den, ahalik eta ingurune hurbilenean ere sortuz energia. Ingurunea gehiago ustiatu beharrean, dagoeneko ustiatuta ditugun espazioak erabiliz, esaterako, poligono industrialetan (noski toki egokiak direnetan) mini eolikak ezarriz. Eraikinak benetan energetikoki efizienteak eginez, bai energia aurrezteko eta baita sortzeko ere. Noski horrek eskatzen du, poliki poliki enpresa eta botere ekonomiko handiekiko loturak eteten hastea, aurre egitea. Beraiek planteatzen dizkiguten epe laburreko merkealdietatik ihes egitea eta bide luzeagoa eta neketsuagoa suposatzen duten bideen aldeko apustua egitea. Pertsonok prest gaude horretarako? Edo soilik horrekin gogoratzen gara, Japonen gertaturiko hondamendiak gertatzen direnean?

Iruzkina gehitu