Kongresurako hausnarketa: etorkizuna zibila eta zabala izango da
Orain dela 11 urte nire bizitzan hartu dudan erabakirik erabakigarrienetako bat hartu nuen: aralarkide egitea. Ez dakit zer dela eta hartu nuen erabaki hori. Ideologia arloan beti izan naiz ezker abertzalearen orbitan, elektoralki beti horrela izaten ez bazen arren. Orduan, Patxi Zabaletaren adierazpenak arreta handiz jarraitzen nituen. Uste dut, bere berbak entzuten nituenean, neureak egiten nituela eta nire buruari esaten niola Patxirekin bat nentorrela; alegia, Aralarren barne ildoarekin bat nentorren, eta alderdia sortu zenean, militante egin nintzen.
Gogoratzen ditut Durangoko Komiteko hasierako batzarrak. Pinondo Etxean egiten ziren. Bertan, Joseba Azkarraga, Mikel Basabe, Ion Andoni del Amo eta Juan Luis Erzilla bukaera gabeko eztabaidetan sartzen ziren, XXI mendeko ezker abertzalearen inguruan hausnarketa egiten. Gainontzekook kartelak pegatzen genituen.
Nire kezka politikoak askoz samurragoak ziren. Gure eskualdea zauritzen duten harrobien kontrako mugimendu jakinetik nentorren. Ez nuen, eta ez dut ulertzen, zer dela eta gure eskualdean, Durangaldean, familia batzuk, (boteretik hurbil daudenak), hainbeste erraztasun zuten euren interesak garatzeko eta guztionak diren baliabideak ustiatzeko. Eta tamalez, izugarri maite dudan herri burges honetan, Durangon, badaude horrelako zenbait familia.
Silvioren abesti batek hurengoa dio:
“Tener no es signo de malvado y no tener tampoco es prueba de que acompañe la virtud.
Pero el que nace bien parado, en procurarse lo que anhela no tiene que invertir salud.”
“Bien parado” asko daude nire herrian, alderdi batetik hurbil egonik, euren interes partikularrak aurrera atera izan dutenak. Argi neukan horren kontra borrokatzea nahi nuela.
Hori dela eta, beste erabaki garrantzitsu bat hartu nuen, zerrendaburu aurkeztea nire herriko kandidaturan. Eta horrela, Aralarrek Bizkaian eduki zuen lehenengo zinegotzia (eta hasieran bakarra) bihurtu nintzen. Eta hortik aurrera, alderdi honekiko nire identifikazioa erabatekoa izan da.
Behar bada hasierako irainek eta mehatxuek (traidorea, putrea…) identifikazio hori areagotu zuten. Gutxiengo batek egiten zituen, baina gehiengo batek elikatutako jarrera sektarioak ziren. Jarrera horrek, edozein mugimendu anitza izateko eta eraikitzeko antitesian daude.
Neure ideologia eta identitateari eusten nizkion, sentimendu abertzalea eta independentista oso presente nituelarik, eta Aralar kapaz zen herritarren eguneroko arazoei, ezkerretik, erantzun praktiko bat bilatzen, ezintasuna, gatazka eta eraikuntza nazionalaren atzean ezkutatu barik. Eta noski, oso argi edukiz giza eskubideak aldarrikatzeko lehenengo eta behin irmotasunez defendatu behar direla; eta bere urraketak salatu behar direla ere, anbiguotasunik gabe.
Lagun koadrila bat ginen, bai kopuruan bai jarreran, edozein forotan aralarkide bat topatzea aurpegi lagun bat topatzea zen, gure zailtasunak batzen gintuen.
8 urte pasa dira dagoeneko. Zailtasunak zailtasun, proiektu hura aurrera eramaten lortu dugu, gure proiektua ez baitzelako lehia politikoan gailendu nahi zuen alderdi batena, baizik eta demostratzea ,herri honetan beharrezkoa dela ezkerreko alternatiba abertzale bat, zibil, anitza eta jatorra.
Sekulako erronka daukagu aurretik, ez ohiko batzarra eta kongresua, erabakiak hartzeko momentua. Egoera irakurtzen jakin behar dugu, betidanik aldarrikatu dugu zibil eta zabala izan behar zela proiektua. Inoiz baino eskurago daukagu, egin dezagun posible. Baina mesedez ez dezagun guk, gero eta zibilagoa denean, murritzagoa egin; gero eta zabalagoa denean, militarra ikusi.
Azaroan izango diren Estatu Espainoleko hauteskundeak erronka garrantzitsu bat dira, lortu gura dugun helmuga ez diren arren. Momentu garrantzitsu bat, borroka armatu barik, banatzen gintuzten distantziak murrizteko eta herri bat bezala erabakitzeko eskubidea daukagula aldarrikatzeko. Baina era berean, momentu garrantzitsua da ozenki adierazteko eraikitzea nahi dugun herria gaur egungo dinamika neoliberaletik oso urrun dagoela, ez baita posible eraikuntza nazionala eraikuntza soziala sustatu barik.
Irailean, hemen botatako ideia defendatzeko asmoarekin joango naiz gure kongresura. Ziur nago eztabaida latzak egongo direla, sutsuak, baina bukatzerakoan, ez dudala inongo arazorik edukiko edozein kiderekin, garagardo bat, bi, edo dozena erdi hartzeko… eta orain dela 10 urte zelan hasi ginen gogoratzeko. Gogoratzeko Euskal Herrian erabaki esparru eta abiadura ezberdinak zeudela esatearren, Araian, “autonomistei oxigenorik ez” lelopean jarri ziguten pankarta oroituko dugu, edo estrategia politiko militarra agortuta zegoela esatearren zenbat “traidore” entzun behar izan genuen oroituko dut; eta gaur egun non gauden ikusiko dugu.
¡Hasta la derrota siempre!, horretarako jaio baikinen, politika soilik hauteskundeetan neurtzen dutenentzako aurrean galtzaile agertzeko.
Gora gu ta gutarrak! Gora Aralar!
