Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Bloga Ezker Erradikala

Ezker Erradikala

Rebeka Ubera 2011/03/21
  • Aralar
  • Ezkerra
Aralarretik maiz aldarrikatzen dugu politika egiteko kultura berria, baina garbi dago zeregin horretan badaukagula zer ikasteko eta zer hobetu. Gu ere, konturatu gabe, irudien, ohiko politika egiteko jokabideetan murgiltzen baikara, herritarrak nekatuak dauden jokabideetan, aurre kanpainaren aurre kanpaina, kanpainaren kanpaina…Herritarrak hitz gutxiago, argazki gutxiago eta ekintza, erantzun gehiago eskatzen digutenean.

Ekintza xume batek mila hitz baino gehiago balio duenean. Eta hori da aldarrikatu behar dugun politika egiteko kultura berria. Ekintzetan oinarritutako politika, planteamentu erradikalak eginez. Bai ondo entzun duzue erradikala. Erradikalak sustraitik arazoak konpontzea esan nahi duelako, besterik ez. Sustraitik konpondu. Benetako alternatibak eskaini eta ez alternantzia.

 Eta hori da egin behar duguna, kalean hainbat eta hainbat herritar anonimorekin batera elkarlanean jardunez,  egunerokoari aurre eginaz. Horrela bakarrik egin genezakeelako IRAULTZA. Herritarren eskutik etorriko delako Iraultza.Oso ongi erakutsi diguten bezala, Tunez, Egipto eta Libiako herritarrak. Horregatik, alderdiok, tresnak garen heinean, soilik bideak ireki behar ditugu, bidea ireki behar diogu ezker erradikalari, bidea ireki behar diogu independentziari, bidea ireki behar diegu euskal presoei, guztiei.Erantzunak emateko, benetako erantzunak. Iraultzari  autopista irekiaz. Soilik askatasunagatik, gure seme – alaben etorkizunagatik egongo gara prest peajea ordaintzeko, baina eskuak lotu gabe, Gipuzkoari eta Euskal Herriari eskuak lotu gabe. Beti, gure erabakitze eskubidea uneoro bermatuaz. Bankuekiko, ekonomia espekulatzaileekiko, lobby-ekiko kate guztiak apurtuaz.

 Eta ez gobernuetan dauden eskuin neoliberalak  PP, PSE-EE eta EAJk egin duten bezala, txanpon batzuen truk belaunaldietarako hipotekatu gaituzte, eta ez soilik ekonomikoki, ez! Baita erabakitzeko tresna ditugun arauei dagokigunean ere. Preso jarri gaituzte, bankuen preso, izan ere errausketa planta ordaindu arte, ezin izango baitugu hainbat arau, estatutu, ez eta errekurtso ekonomiko izan gure erakundeetan.

Hori al da eskaintzen diguten demokrazia? Hori al da Egibarrek, Olano jaunak defendatzen duten erabakitze eskubidea? Noski, barkatu guzti hori eskaintzen digute itxurazko garapen iraunkorraren izenean, itxurazko etorkizunaren izenean.

Etorkizunaren izenean eskaintzen diguten bezala: zahar egoitzen pribatizazioa, peaje sistemak, langileoi zama fiskala areagotzea abar eta abar.

 Ba guk, Aralarrek planto egin behar dugu, aurre egin behar diegu eta esan behar diegu NAHIKOA da. EZ! Ez esatea positiboa delako eta alternatibak ditugulako. Guk erabaki nahi dugu, gai guzti horiei dagokionean, hori delako Euskal Herriaren eraikuntzan aritzea.

Erabaki nahi dugu, eta lanean aritu nahi dugu, gure ikur eta irudi bakarra, Monzonek Euskal lurraldetasunari eman zion ikurra izanik: Arrano Beltza. Ezagutu gaitzatela mundu zabalean Euskaldunoi Arrano Beltzaren,  ezker erradikal, poli-etiko, eko-solidarioaren jardunagatik.

 Hori da umiltasunetik Gipuzkoarrei eskaintzen dioguna: lana, lana eta lana!

 

Gora Ezker Abertzale Erradikala!

merma -(e)k dio:
2011/04/08 13:12

Lotsa falta erradikala

manex -(e)k dio:
2011/04/08 13:12

Zentsura erradikala

Rebeka zalea -(e)k dio:
2011/04/08 13:12

Oso ongi. Bide horretatik joan behar du Aralarrek, ezbairik gabe. Jarrai ezazu bide horretatik, lan bikaina egiten diharduzu-eta.
Gora Aralar!!!!

Iruzkina gehitu