Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Bloga Eskuak Aske!

Eskuak Aske!

Rebeka Ubera 2011/02/03
  • abertzalegoa
  • Rebeka Ubera
  • aralar
Azkenaldi honetan, nahiko nahasia dago politikagintza, zerbait esatearren. Bereziki medioetan, benetan ikaragarria izan behar du barreratik gertatzen ari den guztia jarraitzea, hobeto esan da ikaragarria da egunero medioetan esaten, idazten ari den guztia. A ze morokila! Aralarri buruz ere makina bat kontu ari dira esaten bai alde batekoak, bai bestekoak, eta baita, nola ez! Politikagintzan adituak diren kazetariak.

Esaterako, aurreko astean, Gipuzkoan oso irakurria den egunkari baten, EAJ – Aralarren artean izandako hartu emanen inguruko espekulazio bat egiten zen, balizko elkarlanaren eta  balizko akordioen inguruan. Berria irakurri nuenean, benetan ez nekien barre egin edo negar. Baina pentsatu nuen, kazetari horrek, ze gutxi ezagutzen dituen Aralarreko jendea, afiliazioa eta nola ez, Aralar bera ere, eta egunerokoan egiten diharduen politika, adibidez Gipuzkoan bertan Batzar Nagusietan.

 Egia da batzuk behin eta berriro saiatzen direla gu EAJren ondoan kokatzen Nafarroan gertatzen diharduena aprobetxatuz. Baita EAJ bera ere, hain ezaguna den esaerari jarraiki, “estando el original, ¿por qué votar a la copia?”. Baina ez dira konturatzen, egin ditzaketen saiakera guztiak alferrikakoak izango direla, Aralarrek bultzatzen eta garatzen duen eredu sozio – ekonomikoak ez duelako zer ikusirik EAJk praktikara eramaten duen eredu neoliberalarekin. Biok abertzaleak gara, bai! Ados egon gaitezke Euskal herriak bere etorkizunaz erabakitzeko eskubidea izan behar duela. Eta? Bata eskuineko abertzalea da, eta bestea, gu ezkerrekoak. Beraz zaila da eguneroko arazoei aurre egiterakoan planteamentuetan kointziditzea. Adibide garbiena Batzar Nagusiak dira.

 Azkenaldi honetan, toki guztietatik nonbaiten ondoan kokatu nahian dabiltza. Zergatik izango ote?je, je… Agian gure proiektu politikoa lausotu nahian?. Badirudi denek nobioa bilatu nahi digutela, bakarrik gure ibilbidea egiteko gai izango ez bagina bezala! Guri ere, konpainian egotea, maitasuna jasotzea gustatzen zaigu, baina askeak izanik, gure bidea eginez. Gure printzipioak, aulkien truk saldu gabe. Nahiz eta, behin eta berriro saiatzen diren gizarteratzen aralarrentzat garrantzitsuena aulkiak direla. Ba ez! Ez eta ez! Gu ez gaude salmentan!

 Aralar, tresna, bitartekoa besterik ez da, herritarren langileriaren, eguneroko arazoak konpontzeko, ezkerretik planteamentuak egiten dituena. Eta bide horretan, planteamentu horiekin bat egiten dutenekin adostasunak bilatzeko prest dagoena, epe ertain luze batera, bide horretan sakonduz ezker abertzale zibil eta zabala eraikitzeko, abanguardia, lidergo guztiak alboratuz. Ezker abertzale demokratiko bat, sentsibilitate guztiak parez pare jardungo dutenak, inongo inposaketarik gabe.

Iruzkina gehitu