Blogak, sare sozialak, zentsura eta autozentsura
- rios
- sare sozialak
- paul
- berriketan
Bertan aipatzen du blog batean bertzeekin ideiak partekatzeko ideia "erromantikoak" bukaera ikusi duela. Bere hitzak egunkarietan ikustea eta erraten duena hainbertze neurtu behar izatea nekagarri zaiola.
Nire bloga aipatzen du, bertze hainbat politikarirena bezala. Baina ez dut uste nirea eredugarri denik, bereziki! Sarean egotea ezinbertzekoa dela uste dut. Ez nago egon behar delako. Gustatzen zaidalako, komunikazio tresna eraginkorra dela iruditzen zaidalako, eta aukera aunitz eskaintzen dituelako, hurbiltasuna ematen duelako, eta komunikabideen atzaparretatik eskapo, norberak idazten ahal duelako nahi duena, nahi duenean, nahi duen bezala.
Baina nire kasuan -eta badakit bertze hainbatetan ere- errazago zaigu sare sozialetan zerbait idaztea (burutazio labur bat, gogoeta bat), blog oso bat baino (nik Berriketan, facebooken eta twitterren idazteko ohitura du). Errazagoa, arinagoa, azkarragoa eta eraginkorragoa delakoan nago (sare sozialetan badakit nork jarraitzen nauen, blogean nekez).
Eta bertzetik, blogek esperientzia kaskarrak eragin izan dizkiete hainbati (ezagutzen dut hori gertatu zaion politikariren bat edo bertze, edota Paul Rios berari), ustez guti batzuentzat idazten duzu, eta azkenean oihartzun handiagoa du. Horrek, gero eta gehiago, zure burua autozentsuratzera zaramatza, eta ondorioz, erran nahi duzunean zentsura eragiten duzu, gehiago edo gutiago.
Alegia, ulertzen dudala Paulek bere blogean bildutakoa (nahiz penaz hartu), eta blogek etorkizunik ba ote duten galdetzen diot nire buruari. Blog politikoek, bederen. Tresna egokia, eraginkorra, oparoa denik ez dut ukatzen. Baina bizi garen erritmoan, bizi dugun presioan, hitzak gero eta gehiago neurtu behar honek... uzten al dio tokirik blog politikoari?
Gero arte, Paul, eta mila esker egindako ekarpenengatik. Handik edo hemendik jarraituko dugu zure arrastoa!
