Aldatu, mugitu, parte hartu. Bozkatu!
Baina erantzunak elkarrekin bilatu behar ditugu, parte hartzean oinarrituta, mobilizatuta kalean, erakundeetan. Aralarren ez gara soilik herritarrekin gogoratzen bozka eskatzerako orduan, egunero gogoratzen gara, ez bakarrik gogoratu baita elkarrekin lan egin ere. Hori da, hain xuxen ere gure kultura politikoa. Ez dugu zertan aldarrikatu kultura politiko berria, baizik eta praktikatu egiten dugu egunerokoan.
Gipuzkoarrok gobernu eskuindarrik besterik ez dugu ezagutu, 35 urteotan. Beraz, bada garaia, gauzak aldatzeko eta Foru Aldundien politikak errotik aldatzeko. Gipuzkoak benetako aldaketa behar du, XXI. mendera egokituko den gobernu aurrerakoia. Ezkerraren garaia da. Ezkerreko alternatiba abertzalearen garaia da, Aralarren garaia da.
Horra hor gure konpromizoa: Gipuzkoa ezkerrera ekartzea. Politika publiko sozialak indartzeko, fiskalitatea errotik aldatzeko, Gipuzkoarren arteko berdintasun soziala bermatzeko, garapen eredu ekologikoa bermatzeko, euskararen aldeko politikak gauzatzeko.
Hori da gure konpromisoa, eta horren alde herritar guztiekin lanean jarraitu nahi dugu. Erakundeetan eta kalean, parte hartuz eta mobilizatuz.
Gure bermea ez da esaten duguna, baizik eta orain arte egin dugun ibilbidea eta erakutsi dugun koherentzia langileriaren aldeko defentsan. Egiten duguna esaten dugulako eta esaten duguna egiten dugulako. Hori da Aralarren bermea.
