Zabaleta: “Preso eta iheslarien auzia lehentasunezkoa da bakea eraikitzeko prozesu guztietan, biktimena den bezalaxe”
Aralarreko koordinatzaile nagusiak azpimarratu duenez, “ideiek eta gertaeren herritarren gehiengoa konbentzitu behar dute, konbentzitzen ari da eta konbentzitzen amaituko dute bide bakarra politikarena dela”. Zentzu horretan “prozesuak atzera bueltarik ez” duelako gaineratu du.
Euskal presoen eskubideen alde Bilbon egindako mobilizazioari dagokionean, Zabaletak adierazi du “manifestazio argi eta adierazgarria” izan zela. “Inoiz egin den manifestaziorik handienetako izan da”, azpimarratu du. Esan duenez, “manifestazio horren babesa gutxietsi nahi izan zutenek hanka sartu zuten, gizarteak oso argi daukalako zer nahi duen. Preso politikoen eta iheslarien auzia lehentasunezkoa da bakea eraikitzeko prozesu guztietan, biktimena den bezalaxe”.
Gernikako Akordioko sinatzaileek biktimen aitortza eta erreparazio eskaera egiten zuten agiria ekarri du gogora Zabaletak. “Indarkeria guztietako biktimak aintzat hartzen ditu agiri horrek, eta ETAko biktimak espreski ere aipatzen dira. Norbaiti akatsak dituen agiria irudituko zaio, baina gure ustez, oso urrats duina eman zuten Gernikako Akordioko sinatzaile guztiek”.
“Biktimen aitortza eta erreparazioa ezinbestekoa den bezala, presoen auzia ere oso garrantzitsua da. Ez dira bi gai edo auziak nahastu behar, baina bai biak aintzat hartuak izan behar dira”, nabarmendu du.


