Udal eta foru hauteskundeetarako programa eztabaidatu du Aralarren kontseilu politikoak Gasteizen
- ubera
- zabalaeta
- hauteskundeak
- abril
Aralarrek kontseilu politikoa egin du gaur Gasteizen, 2011ko udal eta foru hauteskundeetarako programa eztabaidatu eta lotzeko. Gizarteak dituen arazoei ezkerretik erantzuteko bost ardatzetan oinarrituko du Aralarrek bere programa: lurralde antolamendua, politika sozialak, ekonomia, ingurumena eta politika iraunkorrak eta parte-hartzea, berdintasuna eta euskara. Hala azaldu du Aralarren Gipuzkoako hautagai eta alderdiko antolaketa idazkari Rebeka Uberak. Berari egokitu zaio bost ardatzen zertzeladak azaltzea. “Bizi dugun egoera sozio-ekonomikoak, langabeziak igortzen jarraitzen duen une honetan eta egiten diren erreformak herritarren bizi baldintzen kontra doazen honetan, ezinbestekoa da ezkerretik soluzioak eskaintzea herritarrei”, adierazi du Uberak.
Ildo horretan, Jon Abril koordinatzaileordeak eta Patxi Zabaleta koordinatzaile nagusiak salatu egin dituzte Zapateroren batetik eta Patxi Lopezen eta Miguel Sanzen gobernuek, bestetik, egiten ari diren politikak; “egiten ari diren politika ekonomikoak, Espainiako gobernuak gauzatu dituen murrizketa sozialekin batera, ez dutela enplegua sortzeko balio erakutsi dute”.
Egoera politikoari dagokionez, Abrilek azpimarratu du “bake eta normalkuntza demokratikoaren atarian” gaudela. “Politikarioi herritarrek eskatzen eta agitzen digutena da, ez dezagula oraingoan huts egin”. Hala “zuhurtasunez eta eskuzabaltasunez jokatuko du Aralarrek”, gehitu du Abrilek. Eta bide horretan, bakerako ibilbide orria den Gernikako akordioa defendatu du “bere osotasunean, bere tinkotasunean eta bere aniztasunean”. Hori dela eta, “aniztasunaren aitortza” aldarrikatu du “gainditu gabeko ikasgaia bata”. Hori dela eta, deia egin du Abrilen “bakegintza eta lehia politikoa bereizteko. Bakea herriari eman egin behar zaio eta horretarako ezinbestekoa da sufrimendu guztiak aitortzea, aintzat hartzea biktima guztiak eta preso guztiak, herritar guztiak direlako beharrezkoak bakegintzan. Horregatik Aralarrek berretsi egiten dugu giza eskubide guztiak, eskubide zibilak eta eskubide politikoak denentzat aldarrikapena”. Era berean, Abrilek “euskaraz bizi izateko askatasuna” aldarrikatu du “pertsona askez osatutako gizartean, alderdi politikoek era askean akordioetarako heltzeko askatasuna izan dezaten”.
Aralar ere Euskaldunan izango da
Kazetarien galderei erantzunez, Patxi Zabaletak baieztatu du Aralarren ordezkaria bat izango dela astelehenean Euskalduna jauregian, Lokarrik egindako gonbitari erantzunez. Zabaletak esan duenez, “ez da ohikoa alderdi politiko batek estatutuak aurkeztuko dituelako jendaurreko bat egin beharra izatea, baina herri honetan bizi dugun normalizazio ezaren adierazle da hori”. "PP eta POSE lotsarazteko modukoa da hori, aldedi legeztatu gabeak egotea oraindik, alegia". Horregatik Aralar han egongo dela berretsi du “legez kanpoko alderdirik ez lukeelako egon behar, talde orok eskubidea baitu politikan jarduteko ETAk egiten duena egiten duela, Espainiako gobernuak ere pausuak eman beharko lituzkeen eran, ETAk egiten duena egiten duela ere”.


