Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Txentxo Jimenezek Nafarroa Bairekin bat egiteko gonbita egin dio Batasunari

Txentxo Jimenezek Nafarroa Bairekin bat egiteko gonbita egin dio Batasunari

2010/02/26
  • Batasuna
  • Txentxo Jimenez
  • Nafarroa Bai
Txentxo Jimenez Nafarroako Aralarren koordinatzaileak Nafarroa Bairekin bat egiteko gonbita egin dio Batasunari. Ezker abertzaleko alderdiaren koordinatzaileak ohartarazi duenez, “koalizioak zabalik jarraitzen du eta Batasunak ez du bestelako baldintzarik izan behar koalizioan sartzeko, beste alderdiok izan ditugun berak, ez gehiago eta ez gutxiago. Hau da, koalizioaren oinarriak onartzea, giza eskubide guztien defentsa zalantza gabekoa eta indarkeria modu guztien erabilera salatzea”.

Txentxo Jimenezek esan duenez, “hori horrela bada, Batasuna Nafarroa Bain sartzea babestuko du Aralarrek. Nafarroako Aralarren koordinatzaileak zehaztu duenez, “ni, pertsonalki, beraiek agurtzera aterako nintzen”.

 

“Batasunak abiatu duen bidea, berriki argitara eman dena, zeinetan helburu politiko eta sozialak lortzeko bide zibil eta politikoak bakarrik erabiltzeko apustua egiten den, Aralarrek modu baikorrean baloratzen du”, esan du Jimenezek.

 

Nafarroako Aralarreko koordinatzaileak ohartarazi duenez, “dena dela, abiatu duten bidea beraiek bakarrik osatu behar dute eta praktika politikoan gauzatutako egitateekin erakutsi beharko dute hori horrela dela”.

 

Txentxo Jimenezek adierazi duenez, “Aralar Batasunarekin, ezker abertzaleko beste sentsibilitatearekin, hitz egiteko prest dago. Baina elkarrizketa hori gertatu aurretik, bi alderdien arteko harremanak normalizatu behar dira”.

 

Ezker abertzaleko alderdiaren koordinatzailearen hitzetan, “Batasuna NaBain sartzeko balizko aukera ez litzateke inoiz nahastu behar Polo Soberanistarekin. Aukera horrek berarekin dakar Nafarroako errealitate berezitua eta horren arabera jokatu behar izatea onartzea”.

 

Txentxo Jimenezek azpimarratu duenez, “horixe da Nafarroa Baik azken urteotan eskaini duen irakaspenik garrantzitsuena. Horregatik, NaBairen egungo osaera aldatzea edo handitzea etorkizuneko apustu bezala ulertu behar da, etorkizunean zabal daitekeen aukera batera egokitzea suposatzen duelako, Nafarroako bizitza politikoan aldaketa sakona egiteko premia sendotuz eta koalizioak bere sorreran izan zuen jarrera irekia eta barneratzailea babestuz”.