Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Tabakoaren legeak eragindako obrak egin zituztenei kalte-ordainak emateko ekimena aurkeztuko du Aralarrek Legebiltzarrean

Tabakoaren legeak eragindako obrak egin zituztenei kalte-ordainak emateko ekimena aurkeztuko du Aralarrek Legebiltzarrean

2011/02/03
  • Erostarbe
Aralarrek ere tabakoaren legearen alde bozkatu du gaur legebiltzarrean. Taldeak egindako zuzenketei esker erretzaileak izango dira legea ez betetzearen arduradunak eta ez da Ertzaintza izango inspekzio lanetan arituko dena. Hala ere, eta 2005ean indarrean sartu zen legearen ondorioz obrak egin zituztenei laguntzak emateko eskaria onartu ez denez, Aralarrek, legez besteko proposamena aurkeztuko du kalte-ordainak bideratzeko.

Ostalaritzako taberna, jatetxe eta beste establezimendu ugarik obrak egin zituzten 2005eko tabako legearekin bateragarri egiteko. Hala, Aralarrek jende horri guztiari nolabaiteko kalte ordaina zor zaiela iritsita, tabakoaren legea berriari zuzenketa egin zion ildo horretan. Gaur, ordea, merkatariei konpentsazioak ordaintzearen aurka agertu dira PSE, PP eta PNV. Horregatik, Aralarrek legez besteko proposamena aurkeztuko du Legebiltzarrean, beste bide batetik bada ere, obrak egin zituzten establezimenduetako jabeek egin duten aldarrikapenarekin bat eginez, laguntza ekonomikoa jaso dezaten.

 

Gaurko osoko bilkuran Aralarren legebiltzarkide Oxel Erostarbek gobernuari leporatu dio “txapeldun” moduan geratzeko zuen asmoa. “Gobernuak zituen asmoak bidean geratu dira, Madrildik etorri den legearekin eta Legebiltzarrean egin diren zuzenketa guztiekin, txapeldun izan gura du gobernuak, baina geratu den lekuan geratu da legea”, esan du Erostarbek.

 

Erostarberen ustez, “aire zabalean baimendu egin behar da erretzea; erretzaileak eurek izan behar dute legea ez betetzearen erantzule eta ez establezimenduko jabeak; eta tabakoa uzteko tratamenduak sustatu behar dira”. “Ohitura txarrak, debekuaren bidetik baino, konbentzimenduaren bidetik ezabatzea egokiagoa” dela iritzi dio aralarkideak.

 

Era berean, Erostarbek zoriondu gura izan ditu herritarrak, legea ezarri denean izan duen portaera onagatik. “Horren errotuta dauden ohiturak egun batetik bestera aldatzea ez da kontu samurra, baina erretzaile izan edo ez, herritarrek heldutasuna erakutsi dute aldaketaren aurrean”, esan du.