Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak San Migelko lantzadera Boluetako Metro geltokiraino luzatzeko eman dituen urratsen gainean informazioa eskatu dio Aralarrek Diputazioari

San Migelko lantzadera Boluetako Metro geltokiraino luzatzeko eman dituen urratsen gainean informazioa eskatu dio Aralarrek Diputazioari

2010/02/10
Bizkaiko Batzar Nagusiek, Aralarren kimenez, Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu zioten iragan urtean lan egin dezala San Migelko (Basauri) lantzadera zerbitzua asteburuetako gauetan Boluetako Metroraino luza dezaten baimena lortzeko. Helburu hori betetzeko Diputazioak egin dituen lanen berri Batzar Nagusien aurrean eman dezala eskatu dio Aralarrek Foru erakundeari.

Murgiak gogorarazi du iragan otsailaren 16an San Migel auzotik Boneteraino ailegatzen den zerbitzua abiarazi zutela. “Udal gobernuaren asmoa zen Boluetako Metro geltokiraino iritsi zedila, baina Bizkaiko Garraio partzuergoak baimena ukatu zion zerbitzuak Bizkaibusi konpetentzia zuzena egingo liokeela eta, gainera, udalerri bat baino gehiago igaroko lukeela esanaz”.

Aralarren ordezkariak adierazi du Batzar Nagusietan onartutako proposamenak, San Migel, Kalero eta Basozelaiko bizilagunei mesede egin dien zerbitzua hobetzeko balioko lukeela. “Arazoa da zerbitzua ez dela Metro geltokiraino ailegatzen, Boketeraino baino. Handik beste 200 metro inguru daude geltokira; trafiko handia jasaten duen inguru batean, espaloirik ez duen eta aldapa handia duen inguru batean eta argiztapen publikorik ia ez duen inguru batean”.

“Pentsatzen dugu”, gaineratu du Murgiak, “zerbitzu hori erabiltzen duten pertsonen segurtasuna badela nahiko arrazoi administrazioen arteko eztabaida antzuak albo batera laga eta erabiltzaileen beharrei aterabide praktikoak eskaintzeko”.