Pentsioen kudeaketa zuzena aldarrikatu du Aralarrek Legebiltzarrean
- transferentziak
- pentsioak
- ezenarro
ONARTUTAKO TESTUA
1.- Eusko Legebiltzarrak Espainiako Gobernuari eskatzen dio 65 urtetan utzi dezala derrigorrezko erretiroa hartzeko adina.
2.- Eusko Legebiltzarrak Espainiako Gobernuari eskatzen dio, Toledoko Itunaren esparruan, eta alderdi politiko eta eragile sozial eta ekonomikoen arteko adostasunarekin, berma dezala pentsio-sistema publikoaren kalitatea eta estaldura.
3.- Eusko Legebiltzarrak Espainiako Gobernuari eskatzen dio bete dezala Autonomia Estatutua eta transferitu dezala, lehenbailehen, Gizarte Segurantzako araubide ekonomikoaren kudeaketa.
AINTZANE EZENARROREN DISKURTSOA OSORIK
Inprobisazioaren eta bere burua zuzentzen dirauen gobernuaren aurrean gizarteak posizio argiak behar ditu. Eta hori da gure helburua gaur, Eusko Legebiltzarrak argi esan diezaion gizarteari zein den bere jarrera: pentsio duinak izateko eskubidea bermatzearen alde gaudela, inolaz ere ez, eskubideetan atzera egiteko prest. Eta, gainera, pentsioen eta, oro har, gizarte segurantzaren kudeaketa ekonomikoa gure esku izan behar dugula, ez bakarrik estatutuak hala jasotzen duelako, baizik eta hurbileko kudeaketak gestio hobea eta kontrol sozial handiagoa ahalbidetuko duela uste dugulako. Jarrera garbia, beraz, hainbeste nahasmen eta kezka sortu dituen eta sortzen dirauen Espainiako gobernuaren aurrean.
Bere garaian pentsioen erreformarako proposamena ezagutzera eman zuten, aldaketa nagusiena, nahiz eta ez bakarra, jubilatzeko adinaren atzeratzea izanik; eta, ondoren, zuzenketak edo erdi- zuzenketak etorri dira. Azkena, egunotan aditzera eman zaiguna: gaiaren eztabaida atzeratzeko asmoa; nahiz eta ez duten proposamena bertan behera uzten. Horri gehitzen badizkiogu Corbacho ministroaren edo Salgado presidenteordearen azken perlak, argi erakusten digute gai ekonomikoetan, eta bereziki eskubide sozialetan, iparra erabat galdua duen gobernu batez ari garela.
Eta guk proposamena aurkeztu genuen, batez ere, pentsioen gaineko eztabaida Legebiltzarrera ekartzeko. Ezinbestekoa deritzogulako guri, euskal herritarroi, zuzenean eragiten dion eztabaida baten parte hartzea; ez dugulako onartzen gure papera eztabaida horretan ikusle soilarena izatea.
Zeren eta orain, bitartean, ez legebiltzar honek, ez gure herriko langileen ordezkaritzaren gehiengoa duten sindikatuek, ez dute batere parterik hartu eztabaida horretan. Egia da estatuko alderdiek eta sindikatuek ere eurekin hitz egin gabe jakin zutela proposamen horren berri eta beharrezkoa dela gai horretan aldaketak egitea aurreikusten bada, guztion artean egitea, eta, jakina, aldaketak eskubidea sendotzeko eta ez ahultzeko izatea. Baina, gure ikuspegiko, ezinbestekoa da guk ere, eragin zuzena dugun heinean, zuzenean parte-hartzea.
Hori dela eta, lehenik eta behin proposatzen dugu gobernuaren proposamena, erretiro adina igotzearena alegia, bertan behera uztea. Baina aldi berean, ezinbesteko deritzogu, eta horrela exijitzen dugu, gizarte segurantzaren kudeaketa ekonomikoa gure esku izatea eta horretarako egin beharreko urratsak ematen hastea gaurtik.
Lotuak daudelako bi kontuak: gero eta kudeaketa hurbilagoa, orduan eta hobea, kontrol sozial handiagoa, zuzenean eragiten diotenen parte-hartze zuzena ahalbidetzen duelako, besteak beste.
Beraz, gizarte segurantzaren transferentzia eskatzen dugu, ez bakarrik estatutuak hala jasotzen duelako, baizik eta, baita ere, arrazoi pragmatikoengatik: autogestioak kalitate hobea bermatzen duelako. Eta baita ere, gure eskubidea delako: gure pentsioen gainean erabakitzeko eskubidea dugulako, gure langabeziako prestazioen gainean erabaki nahi dugulako; besteak beste, estatutik ezarritako eskubide murrizketei buelta emateko eta dekretazoaren aurreko prestazioetara bueltatzea ezinbesteko ikusten dugulako, are gehiago langabezia tasak gora egiten jarraitzen duen garaiotan.
Pozten naiz alderdi sozialista ere honetara gehitzea, gero bakoitzak bere interpretazioa egin dezan.
Edukian sartuz, pentsio sisteman proposatu diren aldaketei dagokienez, esan beharrik ere ez dago sozialki atzerapauso onartezina dela, eta beste behin ere, langileok hainbestetan salatu duguna egiteko saiakera dela; alegia, berriz ere krisiaren ondorioen zama krisia sortu ez dutenen gain jartzea: gaur egungo joera demografikoak kontuan hartuta, pentsioen sistema ezingo dela mantendu argudiatuz; propio azterketan aldagai bakarra sartuz, demografiarena. Zergatik ez da sartzen hori bezain edo hori baino garrantzitsuagoa den beste aldagai bat, alegia, zenbat igo den barne produktu gordina azken urteotan eta, beraz, zenbat aberastasun sortzen duen egun, duela 15 urtekoarekin alderatuta?
Gainera, kalkuluak kalkulu, aurreikuspen ekonomikoak oso zehaztugabeak dira eta bakoitzak egiten ditu gero hartu nahi duen erabakiari ustezko justifikazio objektibo bat emateko. “Datu objektiboak hauek dira eta, beraz, ez dago beste erremediorik”. Ba ez jaun andreok:
1. Ez dira datu objektiboak, baizik eta
interesatzen zaizkigun aldagaiak sartuta bakarrik egin diren azterketak.
2. Gainera, kontua ez da gizarte segurantzako sarrerek
emango duten sistema bere horretan mantentzea ala ez, baizik eta heldu dela garaia pentsioak
kotizazioekin finantzatutako seguru publikoko sistema izatetik, herritarren
eskubide izatera pasatzeko. Alegia, kotizazioekin nahikoa izango ez balitz, zergen bidez
osatu eta bermatuko litzatekeen eskubidea izan beharko lukeela. Osasun
zerbitzua den bezala; beste hainbat Europako herrietan egiten den bezala. Hots,
ez bada autofinantzatzen, kontua ez da eskubidea bera kuestionatzea edo
gutxitzea, kontua da ESKUBIDEA denez, finantzatzeko modu berriak bilatzea.
Zerga bidezko eredu batetik eredu misto batera pasa behar dugu. Erabat bidegabea delako planteatzen den eskubide murrizketa, are gehiago, kontuan hartzen baldin badugu Estatuko BPG orain dela 15 urte baino %50 handiagoa dela; hau da aberastasuna asko handitu dela. Arazoa da, errenta handiago hori gero eta okerrago banatzen dela. Eta horrek birbanaketarako bidean erabaki egokiak hartzea eskatzen du, politika fiskalaren bidetik. Salgado ministroak berak egunotan onartu duen bezala, “agian” hutsegite bat izan zen patrimonioaren gaineko zerga kentzea”; bai, baina, horrek konponbide erraza du: jarri berriro. Eta hutsegite bat da errenta altuenei IRPF igo beharrean IVA bi puntutan igotzea… Zerga politiketan okerreko norabidea eramatea ez dugu langileen bizkar bota behar; zerga politiketan egiten diren hutsegiteak ezin dira konpontzen saiatu gure eskubideen bizkar, pentsio duin batzuek izatearen bizkar.
Eta horretarako, hots, gizarte segurantzaren kudeaketa solidarioagoa egiteko, kontzertu ekonomikoarekin batera gizarte segurantzaren gaineko erabakitzeko transferentzia behar dugu. Hori da gaur eskatzen duguna eta herri honen eta gure herritarren eskubideen alde dagoenak ezinbestean defenditu beharko lukeena.
Albiste erlazionatuak
transferentziak
pentsioak
- Ezenarro: “Gobernu legea seriotasunez eta demagogiarik gabe egokitu beharra dago”
- Aralarrek lan batzordea eskatu du Legebiltzarrean, gobernuko goi karguen biziarteko pentsioak berraztertzeko eta kentzeko hala badagokio
- Ezenarro: "Lopezen gobernuarentzat ez dagokio eurentzat konplikatuegia den ezertaz hitz egitea"
ezenarro
- Aralarrek biktima guztiak hartuko dituen memoriaren eguna nahi du
- Berdintasun gaietan ere perspektiba polizialari lehentasuna ematea salatu du Aralarrek Legebiltzarrean
- Ezenarro: “Laguntza sozialen hartzaileen unibertsoa murriztuz aurrekontu murrizketa gauzatu nahi izan du gobernuak”
- Aralarrek salatu duenez, laguntza sozialetatik kanpo geratuko dira 3.000 lagun inguru


