Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Patxi Zabaleta: “Nafarroa Bai bere irizpideekin bat egiten duten guztiei irekita dagoen egitura da”

Patxi Zabaleta: “Nafarroa Bai bere irizpideekin bat egiten duten guztiei irekita dagoen egitura da”

2010/11/15
  • Patxi Zabaleta
  • Nafarroa Bai
Patxi Zabaleta Nafarroa Baiko bozeramaileak eta Aralarreko koordinatzaile nagusiak koalizio abertzalearekiko Aralarren apustua berretsi du, eta gaineratu duenez, “koalizioa egitura irekia da, eta bertara etor daitezke bere irizpideekin bat egiten duten indar politiko guztiak”. Horrela mintzatu da Zabaleta, ezker abertzaleko beste sentsibilitateko kideek Aralarri eta Eari egin dioten proposamenenari buruz kazetariek galdetu diotenean.

Zabaletak zehaztu du eskaintza hori “Batasunak beste alderdi politikoei” egindako proposamena dela, “ez NaBairi”, eta beraz, ez dela NaBai eskaintza horri erantzun behar diona. Aralar bere alderdiari dagokionez, zehaztu du Hegoaldeko Zuzendaritzan proposamena aztertu ondoren emango duela erantzuna. Dena den, Zabaletak berretsi du Aralarren apustua NaBai dela, eta “alderdiak irizpide nagusitzat dauka sinatzen dituen konpromiso eta akordio guztiak betetzea”.

“NaBai egitura irekia da, beti izan da, eta bere irizpideekin bat egiten duten indar politiko guztiak batu daitezke bertara”, gaineratu du Zabaletak. Azpimarratu duenez, “koalizio hori da Nafarroara aldaketa politikoa ekarri duen egitura politikoa. Gainera, herritarren gehiengoak uste du eragile politiko horrek, NaBaik, gidatu behar duela aldaketa politikoa”. Amaitzeko, Zabaletak esan du edozein indar politikoaren ilegalizazioren eta bazterketaren kontra daudela.