Patxi Zabaleta: “Donostiako manifestazioarekin gertatutakoak agerian utzi du erabakitzeko eskubidearen defentsaren inguruan konfrontazio ideologikoa dagoela Batasuna eta Aralarren artean”
- Patxi Zabaleta
Aralarreko koordinatzaile nagusiak adierazi duenez, Kataluniako Estaturaren eta Auzitegi Konstituzionalaren sententziaren inguruan gertatutakoak “garrantzia ematen dio gai horri, eta nabarmendu egiten du nor izan behar den erabakitzeko eskubidea defendatu behar duen subjektua, eta guk, Aralarretik, analisia egin dugu, eta uste dugu inor ez baztertzean jarri behar dela indarra, hau da, erabakitzeko eskubidearen subjektua erabakitzeko eskubidea defendatzen duten demokrata guztien aniztasuna izan behar dela”.
Zabaletak gogoratu du Donostiako manifestazioaren inguruan sortutako ika-mika ostiralean hasi zela, mobilizazio horren deitzaileek Aralar beraien artean sartu zutenean, “gure oniritzirik gabe”. “Aurreko larunbatean aurkeztu zuten testuak edo agiria ezin ditu bildu erabakitzeko eskubidea defendatzen duten guztiak”.
Bestalde, Donostiako manifestazioko deitzaileek izandako jarreraren inguruan, Zabaletak adierazi du “aurreko astean korrika eta presaka ibiltzeko izan zuten jarrera hankaz gora gelditu zen atzo, mobilizazio horretako deitzaileek beste prentsaurreko bat egin baitzuten. Gainera, bestelako mezu bat eman zuten atzo, erabakitzeko eskubidearen defentsaren gure ikuspegitik askoz hurbilagoa dagoena”.
Zabaletak esan du Aralar Bartzelonako mobilizazioan izango dela. “Eta poztu egiten gara, Donostiako mobilizazioaren deitzaileek ere iragarri dutelako Bartzelonan izango direla. Gogoratu du Bartzelonako mobilizazioan parte hartuko dutela CIUk, PSCk, ERCk, ICVk, CUPek… “Erabakitzeko eskubidea defendatzeko eskema aproposa horixe dela deritzogu, eskubide demokratikoa delako, gehiengoarena eta deialdiak izaera anitz horretako indar politiko guzti horiek biltzeko gaitasuna daukanean agerian geratzen dena”.
Gaineratu duenez, “abertzaleok argi izan behar dugu eskuineko eta ezkerreko abertzaleak gaudela, eta Aralar bultzatzen ari den ezkerreko indar politiko eta zibil handi hori ezin dela oinarritu defendatu beharreko eskubide bakar baten, erabakitzeko eskubidean, eskubide horren defentsa transbertsala izan behar delako eta sentsibilitate politiko demokratiko guztiei irekia”.
Amaitzeko, Zabaletak adierazi du oraindik zehazteko dagoela Aralar eta Batasuna eta EAren arteko bilera eguna, baina “ziurrenik, hurrengo astean” izango dela.
Albiste erlazionatuak
Patxi Zabaleta
- Patxi Zabaletak egoera politikoaren hausnarketa egin du Berria Telebistan
- Patxi Zabaleta: “Gernikako akordioa bete egin behar da eta horretarako gaude gaur manifetazioan”
- Patxi Zabaleta: “Nafarroa Bai bere irizpideekin bat egiten duten guztiei irekita dagoen egitura da”
- Nafarroa Baik 12-13 parlamentari eskuratuko lituzke, Navarrometroaren arabera


