Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Oxel Erostarbe berretsi dute Gipuzkoako Aralarreko koordinatzaile karguan, gaur alderdiak egindako herrialdeko I. Konferentzia Politikoan

Oxel Erostarbe berretsi dute Gipuzkoako Aralarreko koordinatzaile karguan, gaur alderdiak egindako herrialdeko I. Konferentzia Politikoan

2009/12/12
  • Erostarbe
Gipuzkoako Aralarrek bere I. Konferentzia Politikoa egin du gaur Donostiako Miramar jauregian. Militantziak Oxel Erostarbe berretsi du koordinatzaile karguan, %80ko botoekin. Era berean, hurrengo hiru urteetarako zuzendaritza berria aukeratu du: Joseba Osoro, Maribel Castello, Ernesto Merino, Miren Garmendia, Patxi ‘Koli’ Aierbe, Andoni Ibarguren eta Joxe Mari Ostolaza dira Gipuzkoako Aralarreko zuzendaritzakideak. Era berean, Aralarreko Gipuzkoako militanteek hurrengo hiru urteetarako ponentzia politikoa adostu dute.

Oxel Erostarbek kargua hartzeko bere hitzaldian azpimarratu duenez, “ezker abertzale politiko indartsua da Gipuzkoara hedatu gura duten frente unionistari abertzaleok erantzun bateratua emango diougula bermatzen duen aukera bakarra”.

“Aralar indartuz”, gaineratu du, “ezker abertzale politikoa indartuz, bakarrik bermatuko dugu PP-PSE koalizioa ez hedatzea gure herri guztietara eta diputazioetara. Horretaz konbentzituta gaude eta helburu horren alde tinko jardungo dugu, orain inoiz baino gehiago. Frente unionista gelditzeko modu bakarra dago ezker abertzale politikoa indartzea, Aralar indartzea”.

Aralarreko Gipuzkoako koordinatzaileak azaldu duenez, “herrialderen bat ezkerrekoa eta abertzalea bada, hori Gipuzkoa da. Horregatik, gure burua abertzaletzat eta ezkerrekotzat dugunok ekinbide inportantea daukagu Gipuzkoan”.

Duela bederatzi urte ezker abertzale zibil eta zabala bultzatzeko Aralarrek ekindako bidea bere fruituak ematen ari dela nabarmendu du Erostarbek. “Gero eta gehiago gara ezker abertzalean abangoardiak alde batera utzi eta herri hau soilik bide politikoetatik garatu nahi dugunak. Gero eta gehiago gara ez gaudenak inoren zain egoteko prest. Mugarri guztien gainetik ezker abertzale politikoa. Hortxe gure erronka, mugarri guztien gainetik ezker abertzale politikoa herri guztietara”, adierazi du.

Zentzu horretan, gonbita luzatu die Aralarren hiru hankekin bat egiten duten pertsona guztiei: ezkerra, abertzalea eta bide politiko eta baketsuen aldeko apustua. “Bihartik aurrera has gaitezen, herriz herri, lantokiz lantoki, eskolaz eskola, etxean eta kalian. Badakigu bidea ez dela erraza, baina egin egingo dugu, epe ertainera Gipuzkoako alternatiba izango delako”.

Erostarbek gogoan izan ditu bere sarrera hitzaldian krisiaren ondorioak gehien pairatzen ari direnak. “Erakundeetan egiten dihardugun eta egingo dugun lanaren ildo nagusia krisiari ezkerreko erantzuna ematea posible dela erakusteko izango da”. Zentzu horretan, “politika fiskala erroetatik aldatu eta erronka sozial guztiei erantzunez, bazterrean inor ez uztea” da Aralarrek egiten duen proposamena. “Langabetu eta langileen ahotsa erakundeetara eramatearen konpromisoa berrezten dugu gaur”, nabarmendu du.