Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Osakidetzak muzin egin dio Nafarroa iparraldeko gaixoak artatzeari eta Aralarrek azalpenak eskatuko ditu Legebiltzarrean

Osakidetzak muzin egin dio Nafarroa iparraldeko gaixoak artatzeari eta Aralarrek azalpenak eskatuko ditu Legebiltzarrean

2012/01/05
  • Maeztu
  • osakidetza
Rafael Bengoa Osasun sailburuari galdera egingo dio Aralarren legebiltzarkide Dani Maeztuk, hurrengo kontrolerako osoko bilkuran. Nafarroako Bortziriak eskualdeko alkateek salatu dute Osakidetzak Iruñera bideratzen dituela eskualdeko gaixoak.

Nafarroako Bortziriak eskualdeko (Igantzi, Arantza, Lesaka, Etxalar eta Bera) alkateek salatu dute Osakidetzak eskualde horietako herritarrei osasun arreta osoa emateari utzi egin diola. Orain arte, Bortzirietako gaixoek Irun edo Donostiako ospitaleetara (15 eta 35 kilometrotara hurrenez-hurren) jotzen zuten. Orain, patologia gehienak Iruñera bideratzen dihardu Osakidetza.

Aralarren legebiltzarkide Dani Maeztuk “larritzat” jo du egoera, “alegia, Bengoak berak Arabako biztanleei egiten zitzaiena gogor kritikatu ostean, Osakidetzak gauza bera egitea”. Maeztuk gogora ekarri du Osakidetzak Errioxako gobernuarekin aste batzuk dela izan zuen eztabaida tirabiratsua. Horregatik, Aralarrek osasun sailburu Rafel Bengoari egoera lehenbailehen argitzea eskatu dio. “Ezinbestekoa iruditzen zaigu Osasun sailburuak egoera berehala argitzea eta arrazoiak zeintzuk diren azaltzea”, esan du legebiltzarkideak.

Alderdiak Eusko Legebiltzarrean gaiaren inguruan galdera ere egingo dio Bengoari, otsailean egingo den lehenengo kontrolerako osoko bilkuran. “Gizalegezkoa eta logikoa da Osakidetzak Arabako Errioxako biztanleekin eskatzen duena, Bortzirietako biztanleekin ere eskatzea eta egitea”, esan du Maeztuk. Horrela, Aralarrek iragarri du “gaixoak Iruñera bideratzen jarraitzen badituzte”, legez besteko proposamen bat aurkeztuko duela Eusko Legebiltzarrean, “Osakidetzari, Bortzirietako biztanleak bere azpiegituretan artatzea eskatuz”.

Maeztuk “arduraz eta harriduraz” jaso du albistea. “Testuinguru ekonomiko honetan, edozein aitzakia baliatzen dihardute, politika perspektiba ekonomiko hutsetik egiteko. Honako hau beste adibide bat izan daiteke”, gaineratu du legebiltzarkideak.