Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Maeztu: "Elkarbizitzaren eta espetxe politikaren gainean akordio nazionalak eskuratzeko ekimena hartzea tokatzen zaio Lopezi"

Maeztu: "Elkarbizitzaren eta espetxe politikaren gainean akordio nazionalak eskuratzeko ekimena hartzea tokatzen zaio Lopezi"

2012/01/01
  • Maeztu
  • Elkarbizitza
  • Lopez
  • Presoak
“Lehendakari bat baino kanpoko begirale dirudi Lopezek”. Hala adierazi du Aralarren koordinatzaileorde eta parlametari Dani Maeztuk. Urte amaierako lehendakariaren ohiko diskurtsoaren haritik, Maeztuk uste du, Lopezek “ez diola behar bezala aurre hartzen herri honek aurretik dituen erronka nagusienei, alegia, bakea iraunkorra bihurtzea eta krisi ekonomiko soziala gainditzea; izan ere, ez batean, ezta bestean ere, ez du ekimena hartzen eta ez du zehazten zer egin behar duen”.

Bakegintzaren arloan, lehendakariari “nahikeriak plazaratzetik haratago zehaztea" eskatu behar zaiola iritzi dio Maeztuk, "azkeneko politika orokorreko eztabaidan iragarri zigun dekalogoa betetzen hasteko. Elkarbizitza eta espetxe politikaren gainean akordio nazionalak eskuratzeko ekimena hartzea tokatzen zaio. Era berean, politikoa den gatazka gainditzeko aurrerapausoak ematea dagokio lehendakari bezala, azken finean, borroka armatuaren amaierarekin ez delako gatazka politikoa gainditu”.

Krisi ekonomiko-sozialari dagokionez, Maeztuk adierazi duenez, “lehendakariak ez du sinesgarritasunik”. “Merkatuak eta espekulatzaileak kritikatu ditu bere diskurtsoan, baina gogoratu behar zaio, bere gobernua ere merkatuen esanetara jarri dela zalantza barik, euren onerako ziren neurri guztiak aplikatu dituenean, kontrara tutik ere esan barik”. Horregatik gai horretan ere, “anuntzioak egiteari utzi eta behingoz ekintzetara pasatzea” eskatu dio Aralarren ordezkariak. “Garai zail hauetan babes soziala eta zerbitzuen publikotasuna eta unibertsaltasuna herritarrei bermatzea ezinbestekoa delako”.

Azken batean, "ezintasunaren eta nora ezaren adierazle izan da bere diskurtsoa".

Maeztu: "Elkarbizitzaren eta espetxe politikaren gainean akordio nazionalak eskuratzeko ekimena hartzea tokatzen zaio Lopezi"

Argazkia: diariovasco.com

Aralarkideak albiste