Maeztu: “Ezkerraren erronka da erakustea garapen eta energia ereduek alternatibak badituztela”
- Maeztu
- energia nuklearra
“Gizarteari behin eta berriz ukatzen zaion” energia ereduaren inguruko eztabaida aldarrikatu du Aralarrek Legebiltzarrean. Dani Maeztu legebiltzarkideak, taldeko bozeramaile Aintzane Ezenarrorekin batera egindako prentsaurrekoan, Aralarrek gai horren inguruan dituen ildo nagusiak azaldu ditu. Hala, Jaurlaritzak arlo horretan duen jarrera kritikatu dute eta eskaria egin diote “energia ereduaren inguruko eztabaida anitz eta soziala ireki dezan”. Horretarako, Aralarrek legez besteko proposamena aurkeztu du Legebiltzarrean, behingoz 2010-2020 energia estrategia aurkez dezan Jaurlaritzak. “Kontuan izanik aurreko dokumentua 2010erartekoa zela, gobernuak berehala aurkeztu beharko luke hari jarraipena emango dion estrategia jasotzen duen dokumentua, taldeok eta eragile sozialek euren ekarpenak egin ditzaten”, exijitu du Maeztuk.
Legebiltzarkidearen iritziz, ezinbestekoa da gizarteak garapen ereduaren eta honek darabilen energia ereduaren gaineko eztabaidan parte hartzeko aukera izatea. Ildo horretan azpimarratu du, “ezkerra sinesgarria izan” behar dela; “europar ezkerraren erronkarik garrantzitsuenetakoa baita gure garapen eta energia ereduek alternatibak badituztela erakustea”. Horretarako, Aralarrek “zentral erraldoien energia produkzioan oinarritzen den egungo eredua alde batera uztea” ezinbestekoa deritzo, “bai eta eredu horrek darabilen energia banaketarako sare zentralizatuaren eredua ere. Planifikazio, produkzio eta banaketa eredu lokalagoen bideragarritasunaren alde egin beharra dago”.
Era berean, Aralarren legebiltzarkideak exijitu egin dio gobernu zentralari “bertan behera utz dezala zentral nuklearren bizitza luzatzeko erabakia eta behingoz bazter dezala eskarian inongo esku hartzerik gabe ari den mugarik gabeko garapen eredua”, CIU eta EAJren aldeko botoekin Espainiako gobernuak sustatu zuen lege aldaketari aipamena eginez. Energia nuklearra “ez da ez segurua, ezta garbia ere, eta bateraezina da energia berriztagarrien ereduarekin, energia eskariek behera egiten dutenean, energia nuklearra lehenesten delako energia berriztagarrien kaltetan”.
Albiste erlazionatuak
Maeztu
- Arlo publikoko langileen murrizketak zuzendu beharko ditu gobernuak, Aralarren ekimenez
- Aralarrek elkartasuna adierazi die eraildako ertzainen senideei
- Aralarrek Lopezi eskatu dio “proposamen zehatza ekar dezala Legebiltzarrera, zerga politikan arautzeko eskumena izan dezan”
- Maezturen iritziz, "agortutako gobernuaren lehendakariak legealdia amaitzeko mehatxua egin du gaurko diskurtsoan"


