Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Lopezek Nafarroako gobernuarekin sinatutako akordioa “gaizki negoziatu zela” salatu du Aralarrek plenoan

Lopezek Nafarroako gobernuarekin sinatutako akordioa “gaizki negoziatu zela” salatu du Aralarrek plenoan

2011/11/25
  • Nafarroa
  • Basabe
  • EITB
ETBk Nafarroan emititzen duen Navarra Directo albistegia kendu nahi izanagatik, interpelazioa zuzendu dio gaur Aralarren legebiltzarkide Mikel Basabek Kultura sailburu Blanca Urgelli.

Atzo bertan jakin zen Navarra Directo albistegia ekainera bitartean antenan mantenduko duela ETBk, aurrekontua erdira ekarrita bada ere. Blanca Urgelli kultura sailburuari gaiaz galdetzeko bezperan eman da jakitera kontratuaren luzatzea, baina hala ere, horrek ez du segurtatzen Nafarroarako ETBk albistegi propioa egonkortuko duenik; izan ere, oraindik ere era analogikoan ikusten da ETB Nafarroan eta ez da gauzatu 2009ko garagarrilean Nafarroako gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean sinatu zen lankidetza hitzarmenak jasotzen duena: LTD bidez eskaintea ETB Nafarroan. Gauzak horrela, enegarren aldiz iritsi da eztabaida Legebiltzarrera, Aralarren eskutik. Basabek salatu duenez, “argi geratu da ez dagoela hitzarmena betetzeko gaitasunik eta oso larria da gaitasunik ez egotea EAEn gobernu sozialista dugunean eta Nafarroako gobernuko kide denean alderdi sozialista, are gehiago, koalizio hori egiteko itunean propio jasotzen denean ETB LTD bidez ikusi behar dela Nafarroan”.

 

Gauzak horrela, Basabek salatu egin du “gobernuaren ezintasuna”. Izan ere, Urgell sailburuak emandako erantzunaren kontra, lankidetza hitzarmena sinatu zenean ere “LTD bidez telebista ikusteko multiplex sistemak 4 kanal eskaintzen zituen eta logikak agintzen zuen 4 kanalak sartzea itunean, baina ez zen horrela egin, gure telebista publikoak lau kanal dituen arren”. Hala, Basabek adierazi duenez, “bultzada politikoa eskatzea ez da gehiegi eskatzea. Jaurlaritzaren eta alderdi sozialistaren eskutik bultzada politikoa handituta, Nafarroan ere ETB LTDren bitartez ikustera iritsiko dira nafarrak eta horrek ekarriko du Nafarroarako albistegi propioaren egonkortzea, sendotzea eta finkatzea”.

Hori dela eta, Aralarrek mozioa aurkeztuko du Legebiltzarrean beren beregi eskatzeko Eusko Jaurlaritzari bernegozia dezala Nafarroako gobernuarekin sinatutako elkarlan hitzarmena, Nafarroan ETB lau kateko multiplex bidez ikus dadin”.