Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Lehenengo aldiz eta akordio zabalez tortura salaketak muturreraino ikertzea adostu du Legebiltzarrak

Lehenengo aldiz eta akordio zabalez tortura salaketak muturreraino ikertzea adostu du Legebiltzarrak

2011/06/23
  • giza eskubideak
  • tortura
  • ezenarro
“Zalantzarik gabe tortura da gure herrian egon diren giza eskubideen zapalketen artean errealitaterik gordinenetakoa eta, batez ere, zigorgabetasun handiena izan duen giza eskubideen zapalketa”. Horregatik, Aralarren legebiltzarkide Aintzane Ezenarroren iritziz, gaur Legebiltzarrean “inoizko adostasunik zabalenarekin lortutako akordioa GGEEen alorrean kontsentsuz egiten ari garen ibilbidean urrats garrantzitsua da, tortura salaketen aurrean ikerketak muturreraino abian daitezela eskatzeko eta Espainiako gobernuari eta Fiskaltzari”. Halaxe adierazi du gaurko osoko bilkuran izandako eztabaidan.

“Lehenengo aldiz, eta akordio zabalez, onartu dugu ez dela nahikoa egin tortura salaketen aurrean ikerketak bultzatzeko orduan eta guztiok onartuko dugu, Giza Eskubideen Estrasburgoko Auzitegiak Espainiari esan izan diola ez direla behar bezala ikertu tortura salaketak”. “Era berean, onartu dugu Fiskaltzari eskatzea egoitza judizialean egiten diren tortura salaketa guztiak bukaeraraino iker ditzatela. Eta hori aurrerapauso ikaragarria da kontuan izanda Legebiltzar honetan torturaren inguruan egon izan den zatiketa historikoa”. Halaxe azaldu du Aralarren bozeramaile Aintzane Ezenarrok.

Akordioa Legebiltzarrean azkenaldian Giza eskubideen inguruan egiten ari den urratsetan kokatu du Ezenarrok. Ildo horretan, 2010eko abenduaren 1ean Jaurlaritzak Legebiltzarrera helarazi zuen motibazio politikoak eragindako indarkeriaren biktimen inguruko informea ekarri du gogora. Han jasota dago indar polizialek eraildako biktimak egon direla, bai eta “lehenengo aldiz gobernu sozialistaren errekonozimendua egondako tortura kasuak ez direla behar bezala ikertuak izan”. Hala, Ezenarrok esan duenez, “gaurko akordioarekin osatu egiten dugu informe hartan jasotzen zena”. Txostenak atzera begiratzen zuen eta tortura kasuak ikertzea eta egia zor zaienei egia, justizia eta erreparazio bideak ezartzeko beharra onartzen zuen. “Gaur aurrera begirako neurriak ezarriko ditugu eta akordio politikoak estatuari eta fiskaltzari eskatzen dionaren arabera, hemendik aurrera jokabidea aldatuko da tortura salaketen aurrean: orain arte egin ez dena egin beharko da, salaketak muturreraino ikertu, alegia. Hori jokabide aldaketa nabarmena da, eta norabide aldaketa eskatzen die gobernuari eta fiskaltzari”, azpimarratu du Ezenarrok.

Jokabide aldaketa hori errealitatean ematen dela ikusteko Aralar gainean egongo dela gehitu du bozeramaile abertzaleak; “oso garbi daukagulako herri honetan bake iraunkorra ematea nahi badugu gutxieneko adostasunez egin beharko direla eman beharreko urratsak”.

Informazio gehiago