Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Legebiltzarrak bigarrenez asteon euskaraz lan egiteko eskubidea ukatu die legebiltzarkideei

Legebiltzarrak bigarrenez asteon euskaraz lan egiteko eskubidea ukatu die legebiltzarkideei

2011/10/19
  • maeztu
  • euskara
Aralarren legebiltzarkide Dani Maezturi tokatu zaio oraingoan. Osasun batzordean aurkeztu duten 600 orrialdetik gorako txostena gaztelera hutsez helarazi zaie taldeei. Kexa aurkeztu du legebiltzarkideak, baina, gaur ere, herenegun Herrizaingo batzordean gertatu zen bezalaxe, ez dute aurkezpena bertan behera utzi; batzordeko presidente popularrak “erabakia hartuta” dagoela argudiatuz, aurrera jarraitu du batzordearekin. Horren aurrean, eta bere protesta adierazteko, Aralarren legebiltzarkidea ez da txostenaren aurkezpenean egon.

Aste honetan, bigarrenez, ukatu zaie legebiltzarkideei euskaraz lan egiteko eskubidea. Jaurlaritzak helarazitako txostena gaztelera hutsez jaso dute taldeek. Horren aurrean, hizkuntza ofizial bietan jasotzeko eskubidea aldarrikatu du Aralarrek. Joan zen astelehenean PSEk eta gaur PPk, ukatu egin diete legebiltzarkideei euskaraz lan egiteko eskubide hori. Izan ere, astelehenean gertatu zen bezalaxe, ez da tramitea eten legebiltzarrean, aralarkideak eskatu bezala.

“Onartezina deritzogu Jaurlaritzak euskararekiko adierazten duen errespetu falta; are gehiago, legebiltzarkideoi Legebiltzarrean bertan ematen zaigun trataera. Ez da zilegi gure eskubidea den horri uko egin behar izatea, ardura dutenek ez dutelako agintzen zaienarekin betetzen eta jakin badakitenean gure lan hizkuntza euskara dela”, adierazi du Maeztuk.