Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Lanbide etxeko langileentzako enplegu agentzia erreferente izatea adostu du Legebiltzarrak, Aralarren ekimenez

Lanbide etxeko langileentzako enplegu agentzia erreferente izatea adostu du Legebiltzarrak, Aralarren ekimenez

2011/04/16
  • Lanbide
  • enplegua
  • Ezenarro
Esklabutzatik oso gertu dauden langileen egoerarekin amaitzeko eta lan baldintza ez duin horiekin negozioa egiten ari diren legez kanpoko agentzien zigorgabetasunarekin amaitzeko, ezinbestekoa da Lanbidek bere gain hartzea etxeko langileen erreferentzia agentzi publikoa izatea.

Ez da onargarria prekarietatea eta kasu gehiegitan esplotazioa ahalbidetzen dituzten enplegu-agentzia horien menpe egotea etxeko langileak. Lanbidek bere gain hartu beharko luke enpleguaren kudeaketaren erreferente publikoa izatea eta horixe da Legebiltzarrak, aho batez, onartu duena.

Aralarren bozeramaile Aintzane Ezenarrok azaldu duenez, “beharrezkoa da Lanbidek etxeko langileen enplegua erakartzeko ahalegin berezia egitea, kudeaketa eta bitartekaritza mailan egiten duen lana erreferente publikoa izan dadin eta arlo horretako kontratuetan eta lan-baldintzetan onura orokorra ekar dezan. Helburu hori eraginkortasunez betetzeko beharrezkoak diren bitarteko bereziak eratu, sortu eta garatzea ere eskatzen dugu”.

Bitartekaritza publiko eraginkorra ezartzeak ekarriko luke konfiantza eta bermea ezartzea, berehalako erantzuna bermatzea, hurbiltasuna bermatzea, bulego guztietan zerbitzua eskaintzeko leku berezia eta kalitatezko eta doako zerbitzua izatea: erreferentziazko papera hartzeko zerbitzu hori behar dituzten familien aurrean eta modu ilegalean ari diren agentzia horiek indarra gal dezaten. Benetako zerbitzu publiko eraginkor, azkar, ezaguna eta sektore hori babestuko duena eta agentzia horiek indargabetuko dituena. Eztabaida, beraz, ez da agentziak legeztatu behar diren ala ez, ikuskaritza egin behar den, baizik eta Lanbide izatea erreferentziako bitartekaritza esparru horretan.

Hori guztia, etxeko langileen eskubideak eta aldarrikapenak defendatzen dituzten sektoreko elkarteekin eta taldeekin harremanetan eta lankidetzan egitea eskatu du Aralarrek. Hala, gaur Bizkaiko Etxeko Langileen Elkarteko kideak izan dira Legebiltzarrean. Adierazi dutenez, “txalogarria da Legebiltzarrak hartu duen erabakia, baina demagogian gera ez dadin arduraz jokatzea eskatu diete talde guztiei”. Izan ere, salatu dutenez etxeko langileak kontratatzen eta etxeetan kolokatzen dituzten agentziak legez kanpo aritzeaz gainera, etxeko langileen lan baldintza duinak bermatu ordez negozioa egiten ari dira eta Lanbidek bere gain hartuta kolokazio agentzia erreferentea izatea, beste agentzia pribatu horiek duten pisua murriztea suposatuko luke”.

Langileen exijentzia

Era berean, Bizkaiko Etxeko Langileen elkarteko bozeramaile Isabel Otxoa eta Isabel Quintanak salatu dutenez, gobernuari 2010eko otsailean etxeko langileen egoera zein zen ezagutzeko agindu zitzaion ikerketa 2011ko martxoan egiten hasi dira; “exijitzen ari gara Lanbidek izan behar duela erreferentziazko zerbitzu publikoa etxeko langileentzat ere, diskriminaziorik egin ez dezan langileen artean. Izan ere, gaur egun oraindik ezin da etxeko langilerik kontratatu Lanbideren bitartez eta, ondorioz, etxeko langileak agentzia pribatuen bitartez kontratatzen dira eta asko eta asko langileen ordain sariaren zati batekin geratzen dira. Horrekin bukatzea gobernu honen esku dago”, aldarrikatu dute.