"Krisitik ateratzeko burujabetzan sakondu behar dugu marko lan eta gizarte marko propioa lortu arte"
Prentsaurrekoaren testua
Azken asteotan behin baino sarriago esan bezala, Aralarrentzat, Alternatibarentzat, Eusko Alkartasunarentzat eta Ezker Abertzalearentzat beharrezkoa eta ezinbestekoa da maila guztietan erantzuna ematea PPren gobernua krisiari aurre egiteko bideratzen ari den murrizketa orokorren eta gogorren politikari; maila politikoan, erakunde mailan, baina baita kalean ere.
Zentzu horretan, modu positiboan baloratzen ditugu larunbatean aldaketa sozialaren alde “Erantzuna gure esku. Erabakia gure esku” lemapean Donostian, Gasteizen, Bilbon eta Iruñean egindako mobilizazioak. Eskerrak eman nahi dizkiegu, egoera sozioekonomikoa okertzea beste helbururik ez duten neurriak indarrean jartzearen kontra kalera atera ziren pertsonei.
Milaka pertsona manifestatu ginen Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan Espainiako gobernuaren politika ekonomikoa salatzeko, eta bete-betean jotzen gaituen krisiari aurre egin ahal izateko erabateko burujabetza politikoa eta ekonomikoa eskainiko digun markoa aldarrikatzeko.
Izan ere, PSOEk eta PPk zuzendutako Espainiako gobernuek ezarri dituzten neurriak, murrizketak eta erreformak ez dira krisira amildu gaituzten arrazoien analisi kritikotik abiatzen. Alderantziz, eskubide sozial eta laboralen murrizketekin, eta zerbitzu sozialen murrizketa ororkortuarekin, egoera honetara ekarri gaituen sistemari eutsi nahi diote.
Gauzak horrela, ostiralean iragarritako erreforma basatia bezalako erreformak, ez dira aurreranzko ihes zoroa baino. Eta ihes horren onuradunak dira banku handiak, finantza merkatua eta goi mailako enpresariak. Erreforma horiek ez dira lan baldintzen prekariazioa, enpresaren indartzea eta kaleratzeen doakutasuna baino. Hori guztia austeritatearen izenean. Baina austeritate horrek ez du finantza erakundeentzat balio. Haiek diru publikoz hornitzen dituzte eta 300.000 eurorainoko soldatak dituzte interbenitutako erakundeen kasuan, eta 600.000rainokoak funts publikoz lagundutakoen kasuan. Neurri horrek, sistema publikoa krisia eragin zuen kapitalaren menpe jartzen du.
Testuinguru horretan, larunbateko mobilizazioekin, lau alderdi politikoetako kideok, bizi dugun krisi sistemikoari aurre egiteko gure konpromisoa eta borondatea adierazi nahi izan diogu Euskal Herriko jendarteari eta langileei. Ulertzen dugu iragan larunbateko mobilizazioak ez direla helburu bat, baizik eta jarraia izan behar duen mobilizazio sozialaren dinamikaren baitan txertatu beharreko zerbait. Jasaten ari garen erasoaren araberakoa izan behar du erantzunak; beraz, mobilizazio oro gutxi da.
Ildo horretan, ostiralean, Ezkerraldean, krisiak gehien kolpatu duen eskauldeetako batean, egingo den manifestazioan parte hartzeko deia zabaldu nahi dugu. Aldi berean, hainbat sindikatu eta eragilek murrizketen politikaren kontra hilaren 25ean deitutako manifestazioarekin bat egiten dugula adierazi nahi dugu.
Erantzutea beharrezkoa da, baina erantzunetik haratago, ezinbesteko jotzen dugu benetako alternatiba sozio-ekonomikoa artikulatzea. Oinarrian burujabetza politikoa eta ekonomikoa izango dituen alternatiba eta eredu berri bateranzko bidea urratuko duena. Beren gain krisi sistemikoaren ondorio lazgarriak jasaten ari diren pertsonei adierazten diegun elkartasunetik haratago, egoerari buelta emateko alternatiba hezur-mamitu nahi dugu, eta, horretarako, burujabetzan sakondu behar dugu geure marko sozial eta laborala lortu arte.
Euskal Herriak, munduko beste edozein tokik bezala, eredu sozio-ekonomiko alternatiboa behar du eta hori lortzeko tinko lan egingo dugu.
Euskal Herriaren burujabetza da gure helburua. Justizia sozialean eta eredu iraunkor berri batean oinarritutako burujabetza. Horretarako Euskal Herriko jendarteari alternatiba sendoa eskaini nahi diogu. Helburu horrekin, Aralarrek, Alternatibak, Eusko Alkartasunak eta Ezker Abertzaleak gure herria elkartasunaren, justizia sozialaren eta ingurumenaren errespetuaren zumeekin eraikitzea ahalbidetuko duen alternatiba eraikitzeko konpromisoa hartzen dugu.


