Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Kooperatiben lege aldaketarekin aurrera egiteko asmoa duen argitzea eskatu dio Aralarrek Lehendakariari

Kooperatiben lege aldaketarekin aurrera egiteko asmoa duen argitzea eskatu dio Aralarrek Lehendakariari

2011/02/18
  • Erostarbe
  • Lana
“Lopezek ezin dio kooperatiben mugimenduari kooperatiben legearen aldaketa ez gauzatzearen errua leporatu”, hala adierazi dio Aralarren legebiltzarkide Oxel Erostarbek Patxi Lopezi gaurko kontrolerako bilkuran.

 

Izan ere, Patxi Lopezek kooperatiben mugimenduari leporatu die legearen erreforma ez gauzatzea, baina Erostarbek gogoratu duen bezala, “Legebiltzarreko batzordean bertan kooperatibistek azaldu zuten gobernuak presionatu zituela, beraiek idatziz jaso zezaten euren eskaria zela lege erreforma orain ez egitea”.

 

Gobernuak, kasu honetan Gemma Zabaletaren ahotik, Lopezek ez baitu galdera erantzun, ukatu egin ditu presionatu egin dituenik kooperatibetako ordezkariak eta haiei dagokiela auzia argitzea iritzita itxitzat eman du eztabaida. Horren aurrean Aralarrek propio eskatzen dio “argitzea kooperatiben lege aldaketarekin aurrera egin behar duen”. Izan ere azkeneko lege egutegian propio agertzen da lege aldaketa geratu egin dela baina ez du argitu noiz arte.

 

“Gobernuak kontu honi ez dio heldu behar den moduan eta legegintzaldi honetako konpromisoak betetzen ari ez direla nabaria da”, salatu du Erostarbek. “Azaroaren 20an Gobernu Kontseiluak 20 lege atzeratzea erabaki zuen, eta horrek erakusten du gobernuaren ezintasuna bere konpromisoak aurrera ateratzeko”, gaineratu du Erostarbek, “aitzaki bila ari dira ezintasuna mozorrotzeko”.