Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Kalitatezko enplegua sortzeko eta batez ere etxeko lanen eremuan ematen den azpi-ekonomiarekin amaitzeko konpromisoa hartu du Aralarrek

Kalitatezko enplegua sortzeko eta batez ere etxeko lanen eremuan ematen den azpi-ekonomiarekin amaitzeko konpromisoa hartu du Aralarrek

2011/05/17
  • emakumeak
  • hauteskudeak
  • enplegua
  • ezenarro
“Langabetuen eta langileen ahotsa gara Eusko Legebiltzarrean eta halaxe izango gara BBNN eta herrietan”. Halaxe adierazi du Aralarren legebiltzarkide Aintzane Ezenarro, Santurtziko hautagai Ruben Digonekin batera egindako ekitaldian.

Aralarren ordezkariak, Ezkerraldeko hautagaiekin batera, Santurtzin izan dira gaur goizean langileen ahotsa direla aldarrikatzeko. Hala, Aralarren legebiltzarreko bozeramaile Aintzane Ezenarrok adierazi duenez, “Aralarren eta bere programa sozialaren lehentasuna dira langabetuak eta langileak; Eusko Legebiltzarrean langileen ahotsa gara eta BBNN eta herrietan ere euren ahotsa izan nahi dugu”.

Ezenarrok baieztatu duenez, “kalitatezko enplegua sustatu” nahi duela Aralarrek eta “horretarako kontratazio publiko guztietan klausula sozialak txertatzea dugu helburu; lan prekaritatearen kontra borrokatu behar dugulako, gaur egun emakume aurpegia izaten jarraitzen du-eta”. Ildo horretan bozeramaile abertzaleak berretsi du “lan prekaritatearen kontra egiteaz gainera gure ekonomian ematen den azpi-ekonomiarekin amaitu beharra dagoela, etxeko lanen arloan hainbeste emakumek jasan behar izaten dutena”. Ezenarrok salatu egin du “lan eredu hori  XXI.mendeko esklabutza eredua izate ari dela. Gehien gehienak emakumeak dira eta inolako babesik gabe ari dira lanean, etxeko arlo pribatuan eta inolako ikuskaritzarik gabe”.

Horregatik guztiagatik, konpromiso bikoitza hartu du Aralarrek: batetik, kalitatezko enplegua sustatzea, kontratazio publiko guztietan klausula sozialak txertatuz; eta, bestetik, “gure esku dagoen guztia egingo dugu behin betiko errotik mozteko azpi-ekonomian ari diren milaka eta milaka emakumek jasaten duten babesgabetasun egoera, batez ere etxeko lanen eremuan ari direnak jasaten dutena”.

Bestalde, Santurtziko hautagai Ruben Digonek proposatu du “Santurtziko gazteentzako eta herriko emakumeentzako enplegu plana sortzea, eurak direlako krisiaren ondoriorik latzenak jasaten ari direnak eta benetan lan mundutik eta babes sozialetik kanpo geratzen ari direnak”. Digonek behar beharrezkotzat jo du “erakunde publikoek enplegua sortzea arlo sozialean, kudeaketa publikoa bermatzeko eta kalitatezko zerbitzu sozialak bermatzeko”.