Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Jon Abrilek esan du Alderdien Legea “atzera pausoa” dela “bakea eta normalizazio politikoa bilatzeko”

Jon Abrilek esan du Alderdien Legea “atzera pausoa” dela “bakea eta normalizazio politikoa bilatzeko”

2009/11/05
  • Batasuna
  • Alderdien Legea
  • Estrasburgoko epaitegia
Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordeak euskal alderdiek Alderdien Legeari buruz duten ikuspegiari buruzko mahainguru batean parte hartu du, gaur eguerdian, EHU Medikuntza Fakultateko gradu aretoan. Mahaingurua Leizaola Fundazioak antolatu du, Bake Bidean jardunaldien barruan. Abrilekin batera parte hartu dute mahinguruan Luken Uribetxeberriak (EAJ), Oscar Rodriguezek (PSE-EE), Carlos Urquijok (PP) eta Mikel Aranak (EB). Aralarreko ordezkariak azaldu duenez, “Alderdien Legea atzera pausoa da bakea eta normalizazio politikoa bilatzeko”.

Abrilek Alderdien Legearen bilakaera historikoa gogoratu du. Hala, 1997ko lehen lege hark bere hutsuneak zituela esan du, besteak beste, zenbait alderdi independentista (HASI, EHAS…) ez zituelako legeztatu. “Herri Batasuna bera ere ez zen legezkoa izan 1986 urtera arte. 1977ko legeak bere hutsuneak zituen arren gaur egungo Alderdien Legeak atzera pausoa demokratikoa ekarri du irizpide demokratikoetan”.

Aralarreko koordinatzaileordeak adierazi duenez, “Europako lege atzerakoienetako batetaz hitz egiten ari gara. Hala, kasu bitxiak gertatzen dira: Hendaian, adibidez, Batasuna legala da, baina handik kilometro eskasera, Irunen, Espainiako estatuan, legez kanpo dago”.

Abrilek azpimarratu du Alderdien Legea Giza Eskubideak, Eskubide Zibil eta Politikoak, urratzen dituela. Urraketa hori gertatzen da 1960ko Giza Eskubideen Adierazpenaren 30. artikuluarekin. “Artikulu horrek jasotzen du Giza Eskubideak ezin direla inoiz murriztu. Era hori II. Mundu Gerraren ondoren egin zuten. Hitlerrek eta Mussolinnik giza eskubideak aldarrikatzen zituzten, baina gero, murrizketak ezartzen zituzten. Horixe bera egiten ari da Espainiako errejimena”.

Era berean, Abrilek azpimarratu du arlo juridikoan ere ez direla ondo jokatzen ari, Alderdien Legea betetzen ez dutenei Zigor Kodea ezartzen ari zaizkielako. “Aralarretik oso argi daukagu ezin dela inor espetxeratu politika egiteagatik edota bide politikoen aldeko apustua egiteagatik”.

Estrasburgoko Giza Eskubideen Epaitegiak emandako ebazpenaren inguruan esan du Aralarrek ez duela bat egiten sententziaren edukiarekin. “Sententzian segurtasunaren eta askatasunaren irizpideak aurrez aurre jartzen dira, eta Estrasburgoko epaitegiak segurtasunaren irizpidearen alde egiten du, Espainiako estatuaren bertsioa itsu-itsuan sinetsita. Oinarrizko eskubideen inguruan irakurketa mugatzailea egiten du”.

Abrilek azpimarratu du Europa eredugarria izan behar dela eskubide zibil eta politikoen defentsan. “Eta sententzia horrekin ezin izango dio ezer aurpegiratu Turkiari, Marokori edo Algeriari”. Gaineratu duenez, “Europa askatasun demokratikoen eta eskubide sozialen bermatzailea izan behar da”.

Aralarreko koorditzaileordeak bukatu du “askatasuna askatasun gehiagorekin” sendatzen dela esanez. Halaber, azpimarratu du Aralar izan dela alderdien ilegalizazioaren ondorioz ez zegozkion karguak hartu ez dituen alderdi bakarra, “eta hori egin du konbikzio politiko hutsengatik”.