Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Jon Abril: “Sufrimendu guztiekin bukatzeko tenorea da; ez dugu gazte gehiago espetxean ikusi nahi”

Jon Abril: “Sufrimendu guztiekin bukatzeko tenorea da; ez dugu gazte gehiago espetxean ikusi nahi”

2011/05/07
  • Iratzarri
Iratzarri Aralarren gazte erreferenteak ekitaldi politikoa egin du gaur goizean Donostian, Koldo Mitxelena kulturgunearen parean. Iratzarriko kideekin batera izan dira Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordea, Rebeka Ubera Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hautagaia eta Ainhoa Beola Donostiako alkategaia.

Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordeak adierazi duenez, gazteek protagonista izan behar dute herri honentzat bakea eraikitzeko orduan ere. Zentzu horretan, “sufrimendu guztiekin bukatzeko tenorea” dela hau azpimarratu du. “Ez dugu gazte gehiago espetxean ikusi nahi; ez errepidean galduta ere, bikotekide, anai, edo lagun presoa bisitatzera joan behar izatea. Ez dugu tortura gehiagorik nahi, ez jazarpenak, mehatxuak eta bazterkeria sufritzen duten gazterik ere”.

Abrilen hitzetan, “askatasunean bizi, askatasunean pentsatu eta askatasunean erabakiko duten gazteak nahi ditugu, gazte askeak, gazte kritikoak” behar ditu Euskal Herriak.

“Bertze garai bat eraikitzen hasteko unea” dela azpimarratu du Abrilek. “Bertze molde batez. Bertze eduki batzuekin. Orain arte ezagutu ez duguna. Eta horretarako gazteen ekarpena ere funtsezkoa da. Ezerren kontra aritzeko garaia, desegiteko estrategiatik sortzeko estrategiara pasatuz, sufrimendutik alaitasunera. Gazte alaiak nahi ditugu, Euskal Herria biziberrituko dutenak, alaituko dutenak”.

Rebeka Uberak, bere aldetik, esan du beharrezkoa dela gazteen inplikazioa “justizia sozialean oinarritutako gizartea lortzeko”. Gaineratu duenez, “gazteek asko aporta dezakete eta aportatu behar dute, beraiena baita etorkizuna; eta gazteen indarra adinekoen esperientziarekin uztartuz, pausoz- pauso krisian dagoen gizarte honi buelta eman diezaiokegu. Iraultza egin dezakegu elkarrekin!”.

Laida Elizegi Iratzarriko arduradunak Aralarrek gazteen alde egindako apustua nabarmendu du. “Aralarrek gazteak politikan inplikatu nahi ditu”, esan du. Gaineratu duenez, “aurreko belaunaldiek lortu ez dutena guk lortuko dugu. Hau da, herri baketsu bat. Iragana ahaztu gabe, etorkizuna beste balio batzuen gainean eraiki behar dugulako”. Elizegiren hitzetan, “bakea lortzeko aukera dugun honetan, gazteon konpromisoa ezinbestekoa da; hori da gure zeregina eta egingo dugu”.

To view this content the following requirements must be fulfilled:

  • Adobe Flash Player version 9,0,28,0 or later must be installed; download it now free
  • Javascript 1.2 or later must be enabled

Aralarkideak albiste