Jon Abril: “Etorkizuneko ezker abertzale sendoa eraikitzeko Aralar da bermea”
- ETA
- Bizkaia
- Abril
Aralarren koordinatzaileorde Jon Abril Euskalduna jauregian egon da, Bizkaiko Batzar Nagusietako hautagaien aurkezpenean. Abrilek ETAren agiriaren harira esan du “beste behin entzungor” egin duela, “Gernikako akordioko sinatzaileek eta gizartearen gehiengoak eskatzen dionari muzin egiten, bere zilborrari begiratzen jarraituz”. Abrilek ETAk planteatzen duen nazioarteko berifikazio informal horren inguruan adierazi du, “bakea gauza serioegia dela hori planteatzeko. Bakea guztion artean egin behar dugu, modu zintzoan eta leialean, biktima guztiak aitortuz eta errespetatuz”, esan du. “Ez dugu garaile eta garaituen bake bat nahi, elkarbizitzan oinarritutako bakea nahi dugu. Horrek herrietan ere bake soziala egitea eskatzen du eta preso dauden gizon eta emakume guztien eskubideen aitortza eta errespetua onartzea”, gaineratu du.
Euskalduna jauregira bertaratuei zuzendu zaie esanez, “Aralar etorkizuneko ezker abertzale sendoa eraikitzeko bermea izango dela”. Aralarren bizkaiko koordinatzaile eta Batzar Nagusietako hautagai Iosu Murgiak ere hitza hartu du eta Aralarek “Bizkaian sekulako urratsa eman duela eta ematen jarraituko duela” adierazi du, “herritarrak gure zain daude eta gure proposamenen eske. Erakutsi dugu erakundeetan eta toki guztietan estilo ezberdina jarraitzeko gai garela, entzuten dakigula, hitza ematen dakigula, akordioetara iristen dakigula”, jarraitu du Murgiak. Aralar erakundeetan ezinbesteko giltza izango da, “ezkerreko politikak abian jartzeko, aberastasuna beste modu batean banatzeko, garapen ereduaren inguruan hausnarketa irekitzeko eta euskarak behar duen eta merezi duen tokia izateko”.
Abrilekin batera izan dira Bizkaiko barruti bakoitzeko lehenengo postuko hautagaiak: Iosu Murgia (Bilboaldea), Fernando Hevia (Busturia-Uribe); Leire Martinez (Durangaldea – Arratia – Ibaizabal) eta Sabin Arana (Ezkerraldea-Enkarterriak).


