Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Jon Abril: “Bartzelonako manifestazioak izan behar du protagonismoa eta erreferentzialtasuna”

Jon Abril: “Bartzelonako manifestazioak izan behar du protagonismoa eta erreferentzialtasuna”

2010/07/05
  • Batasuna
  • Jon Abril
Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordeak elkarrizketa eskaini dio gaur goizean Euskadi Irratiari, eta hurrengo larunbateko manifestazioarekin eta hori deitzeko prentsaurrekoaren harira gertatutakoa azaldu du. Joan den larunbateko prentsaurrekoan Aralar ez egotearen inguruan, Abrilek esan du “deialdi hori komunikabideetara egin zen gu bertan izango ginela izanez oraindik guk baiezkorik eman gabe, testua ezagutu gabe eta manifestazio horretako beste hainbat gaietaz beste alderdiekin solasean ari ginela. Beraz, nolabait gure izena gure baimenik gabe erabili zen deialdi horretan”.

“Edonola ere” gaineratu du “arratsalde osoan (ostiralean), eguerditik, testua jaso genuen momentu beretik, eta aitzinetik izan genuen elkarrizketen harira, gure asmoa izan zen prentsaurreko horretan egotea eta, beraz, manifestazio horren deitzaileen artean egotea. Eta horretarako, gure ekarpenak egin genituen. Ez ziren aintzat hartu eta gauean, azken orduan, erabaki genuen ez zegoela baldintzarik, ez gentozela bat idatzitako komunikatuarekin, gure iritziak ez direla aintzat hartu eta ez genuela egoki ikusten ez manifestazioaren helburua eta ez edukia. Eta larunbat goizean argi azaldu genuen zein den gure jokaera”.

 

Jon Abrilek azpimarratu duenez, “ez da autodeterminazioaren aldeko manifestazio batean ez dugula egon nahi, ezta inondik ere; alderantziz, gaiak duen traszendentzia eta garrantzia aintzat hartuta, beste era batera egin beharko lirateke gauzak: hausnarketa handiago batekin, zabaltasun handiagoarekin, indar soberanista eta independentista guztiak bilduz”.

 

Gaineratu duenez, “uztailaren 10ean Bartzelonan eginen den manifestazio handi horrekin kointzidituz zerbait egin beharko balitz Euskal Herrian, hari begira egin beharko litzateke, eta ez hori aprobetxatu aitzakia bezala eta hari bizkarra eman”.

 

Abrilek argitu du Aralarrek argi duela “zerbait egitekotan protagonismo guztia Kataluniako herriari zor zaiola une honetan, eta beraz, hemen egin beharrekoak elkartasun mezua izan beharko lukeela. Dudarik gabe, erabakitzeko eskubideak eta autodeterminazio eskubidea presente egonik, baina Bartzelonara begira egin beharrekoa zen, eta Kataluniako eragileekin adostutakoa. Argi dugu uztailaren 10eko arratsaldeko 18:00etakoak Bartzelonakoak izan behar du protagonismoa eta erreferentzialtasuna”. Zentzu horretan, Abrilek aurreratu du Aralarrek ordezkaritza bidaliko du Bartzelonako manifestaziora.

 

Bestalde, Aralarrek elkarlanerako borondate argia daukala nabarmendu du. Hala, gogora ekarri du astebete lehenago Aralarrek prentsaurrekoa egin zuela ezker abertzaleko beste sentsibilitatearekin, EArekin eta Alternatibarekin greba orokorrerako deialdia egiteko; edo urtarrilaren 2an, Etxearaten manifestazioa debekatu zenean, alderdi horiek Abertzaleen Batasunak beste manifestazio baterako deialdi bateratua egin zutela. “Aralarrek ez du inolako arazorik beste alderdi batzuekin elkarlanean jardun eta adostasunetara iristeko, baina gure ekarpenak aintzat hartzea eskatzen dugu. Baldintza horiek betetzen ez direnean, Aralar ez dago”.

 

Ezker abertzaleko beste sentsibilitatearekin eta EArekin izango dituzten elkarrizketen inguruan, Aralarreko koordinatzaileordeak bi alderdi horiek Euskalduna jauregian izenpetu zuten dokumentuaren edukia kritikatu du Abrilek. “Uste dugu herri honek hori baino erantzun zabalagoa behar duela, bereziki ezkerretik erantzun bat behar duela. Zenbait gauzetan uste dugu epel xamar geratu dela”. Gaineratu duenez, “eseri egingo gara, hitz egingo dugu, gai horretaz eta guk eramango ditugun beste zenbait gaietaz. Baina guretzat mugimenduak izan behar du ezker abertzale berri bat eraikitzeko mugimendu bat, askoz ere ekarpen ideologiko handiagoa izango duena Euskaldunako dokumentuak biltzen duena baino”.

 

Dena den, ohartarazi du “elkarrekin zerbait egin ahal izateko, edo ETAk bere aldetik ematen ditu urratsak edo ezker abertzaleko beste sentsibilitateak esaten dio ETAri bere garaia bukatu dela. Zerbait komunean sortu ahal izateko, hori da traba edo oztoporik handiena; bakarra ez, baina bai nagusiena. Badaude jokamoldeetan eta kultura politikoaren eztabaidatu nahi ditugun zenbait gauza ere, baina une honetan, horiek gainditzea errazagoa da”.

 

Elkarrizketa osorik entzun